Momotxorroek, maskaritek, Juan Tranposoek, ereintzak, akerrak eta gainontzekoek natura esnatu ondoren, garizuma betean, hiri-inauteriaren txanda izanen da bihar Altsasun. Lagun koadrilak irudimena dantzan jarri eta taldeka mozorrotzen diren eguna da larunbata. Koadrila batzuk gosaltzera elkartuko dira, baina gehienak eguerdi partean aterako dira kalera. 12:30ean Haize Berriak bandak abiarazitako kalejirak haietako batzuk batuko ditu ziurrenik.
Sakanako musika bandak ihote-kontzertua eskainiko du Foru plazan, 13:30ean. Emanaldiaren bitxikeria da ez dela zuzendaririk izanen eta musikarik gabe ez gelditzeko altsasuarrak banda zuzentzera animatu beharko direla. Emanaldiak lagun-arteko bazkariei txanda emanen die. Gaztetxoek mozorrocall-en parte hartzeko aukera izanen dute 17:00etatik aurrera. 18:00etan, berriz, ihote-jaitsiera eginen da Sakaranga txarangak lagunduta, Intxostiapuntatik Foru plazara. Jamaica Show taldeak 20:00etatik 22:00etara eta 00:00etara 3:00etara dantzaldia eskainiko du plazan. Bitartean, Intxostiapunta gazte gunean gazte afaria 22:00etan eta Serguey disko-jartzailearekin disko-festa izanen dira.
Argazki lehiaketa
Larunbatean egindako argazkiekin Altsasuko Dendari Elkarteak antolatutako argazki lehiaketan parte hartzeko aukera izanen da. Facebook sare sozialean argitaratu behar dira argazkiak ADE@altsasukodendarienelkartea aipatuz eta #altsasukoinauteriak17 hastag-a erabiliz.