Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak martxoaren 8rako Emakumeen presentzia erakutsiz leloa aukeratu du. Eta ohi duen moduan hainbat arlotako jarduerak antolatu ditu ere. Egitaraua historia-memoriari buruzko saio batekin hasiko da. Marta Brancas Escartinek, kazetaria eta historialaria, historia sozialean eta genero-historian adituak, La aportación feminista a la Memoria Histórica hitzaldia eskainiko du. Iortia kultur gunean izanen da, etzi, ostegunean, 19:00etan. Emakumeak kirolean ere parte hartzen dutela ikustarazteko Altsasuko Kirol Eskola guztietako neskak parte hartuko duten kirol erakustaldia antolatu dute larunbaterako Zelandi kiroldegian, 17:00etan. Domekan, eguerdian, Lilasterketa Foru plazatik abiatuko da.
Literaturari eskainitako tartea hilaren 22an izanen da Iortia kultur gunean, 18:00etatik 22:00etara. Indomable liburuari buruzko hizketaldia iragarri dute eta hartan Fátima Djarra Sani idazleak parte hartuko du. Bera Médicos del Mundo elkarteko immigrazio eta emakumezkoen sexu mutilazio arloetako teknikoa, baita Flor de Africa, Nafarroan Afrikako emakumeen elkartearen idazkaria ere.
Mugimendu feminista
Altsasuko Feministak eta Altsasuko Bilgune Feministak prestatutako egitaraua gaur abiatuko da. Iortia kultur gunean Mujeres en la retaguardia dokumentala emanen dute, 19:00etan. Emakumeen Egunean, ordu berean, udaletxe parean kontzentrazioa eginen dute. Aurtengorako emakumeok borrokan oztopoak apurtzen! leloa aukeratu dute. Elkarretaratzearen ondoren bertsolariak eta ohiko merendua izanen dira. Altsasuko mugimendu feministaren egitaraua etzi, ostegunean, despedituko da. Gaztetxean Kurdistango emakume borrokalarien inguruko dokumentala emanen dute, 19:00etan hori ere.
Intxostiapunta gazte gunea
Astean zehar hilotz-aparta ekimenean parte hartzeko aukera izanen dute gazteek. Nork bere berdintasunaren aldeko lekukotza hutsik dagoen mural batean utziko du. Abesti zatia, olerkia, argazkia, marrazkia… dena delakoa izan daiteke. Baina muralean jarri ondoren estali eginen dute. Aste akaberan ekarpen-muraleko estalkiak kendu eta mezu guztiak agerian geldituko dira. Haiek irakurrita eztabaidarako aukera izanen da. Ostiralean Oihartzuna laukotearen kontzertua eta larunbatean sexismoari buruzko hitzaldia daude iragarriak gazte gunean.