Erkuden Moreno, brontzezkoa

Guaixe 2017ko mar. 8a, 11:15

Erkuden Moreno, brontzezko dominarekin. Argazkia: Nafarroako Taekwondo Federazioa.

Espainiako Kadete eta 21 urtez azpiko Borrokako Taekwondo Txapelketan, 29 kiloko azpiko kadete mailan brontzezko domina lortu zuen Bargagain klubeko altsasuarrak

Martxoaren 4an Espainiako kadete eta 21 urtez azpiko Borrokako Taekwondo Txapelketak jokatu ziren Alacanteko La Nucian. Nafarroako Taekwondo Federazioarekin 24 taekwondolarik hartu zuten parte, 9 kadete mailan eta gainontzekoak, 15, 21 urtez azpiko mailan. Guztiak Carlos Martinez, Mikel Arrondo eta Ainhoa Simon entrenatzaileen aginduetara.

Nafarroako taekwondolariak ongi aritu ziren, Altsasuko Bargagain klubeko Erkuden Jinxin Moreno Muñoz, bereziki. Erkuden kadete mailako 29 kilotik azpiko mailan lehiatu zen, beste 7 borrokalariekin batera. Final laurdenetan Gaztela Manchako Silvia Cordero izan zuen aurkari eta finalerdietara sailkatzea lortu zuen altsasuarrak, fin aritu ondoren. Finalerdietan Carla Dieguez galiziarrarekin aritu zen, eta nahiz eta ongi aritu, azkenean galiziarra sailkatu zen finalerako. Dena den, pozik egoteko arrazoi asko ditu Erkuden Morenok, Espainiako Txapelketetatik brontzezko domina jasotzea ez baitago askoren eskuetan.