Mauken txanda

Guaixe 2017ko mar. 10a, 09:31

II. Sakanako stock azoka larunbatean, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:00etara eta domekan, 11:00etatik 15:00etara Altsasuko Burunda pilotalekuan.

Beherapenak despeditu ondoren maukak eskuratzeko aukera eskainiko du II. Sakanako stock azokak. Duela bi urteko esperientzia onaren ondoren Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteak berriro antolatu du ibarreko azoka. 15 establezimenduk euren maukak jarriko dituzte salgai Burunda pilotalekuan. Jantziekin batera, oinetakoak, burdindegiko materialak, apaingarriak, osagarriak, liburuak, papergintza edota betaurrekoak prezio tentagarrian eskuragai izanen dira. Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, stock azoka dagoen bitartean haurrendako doako ekintzak izanen dira asteburuan. Baita stock-taberna ere.

Parte-hartzaileak
Arkatz liburu-denda, Sakana optika, Intxostia kirolak, Kaxeta liburu-denda, Txikitxo, Iñaki oinetakoak, Tu Tienda Especial, Asensio moda, Larka emakume-gizona, Lasa kirolak, Joselen, Gertu Sakana, ML moda, Iker kirolak eta Ekin moda.

Belardi
Sakanako ekoizleen elkartea ere stock azokan izanen da. 12 bat ekoizle biltzen dituen elkarteak bere  kideek ekoizten dituzten haragi, karakol edota askotariko gaztak erakutsiko eta salgai izanen dituzte. Gainera, haiek dastatzeko aukera izanen da ere, tabernan haiekin pintxoak eginen baitituzte.