Udalak emakumeen egoera hobetzeko konpromisoak hartu ditu

Guaixe 2017ko mar. 10a, 10:23
Altsasuko Udaleko Berdintasun Batzordeko kideak.

Emakumeen Eguna dela eta Altsasuko Udalak aho batez lau konpromiso hartu zituen otsailaren 27an egindako bilkuran. Lehenik eta behin, legegintzaldian murrizketarik ez burutzeko herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoetan, bereziki emakumeengan eraginen duten zerbitzuetan. Horrekin batera, Altsasuko Udalak, 2017tik 2019ko aurrekontuei dagokienez, berdintasun partidak mantentzeko konpromisoa hartu zuen. Aldi berean, murrizketek emakumeengan eragin dituzten ondorio kaltegarriak ikusarazteko jendarteratze lanari eutsiko diola onartu zuen. Azkenik, Altsasuko Udalak konpromisoa hartu zuen murrizketek emakumeengan eragin dituzten ondorio kaltegarriak salatuko duela konpetentziak dituen entitate ororen aurrean eta desberdintasun horiek ezabatzeko neurriak eskatuko dizkiela.

Argudioak
Altsasuko Udalak onartutako mozioan azaltzen denez, “diskurtso ofizialek krisia merkatuen errentagarritasun galeragatik sortu zela esan zigutenean, emakumeon eskubideak denboraz luzez zeudela krisian ekarri genuen gogora. Orain berriz, ustez krisitik irteten ari garenean, emakumeon eskubideak inoiz baino krisi latzagoan daudela esan behar dugu”.

Esparru publikoan egin diren murrizketek “bereziki eragin dute emakume eta gizonen arteko desoreka”. Altsasuko Udalak gaineratu du “emakumeek betetzen duten ordaindu eta aitortu gabeko esparru pribatura pasa direla hainbat egiteko, zerbitzu publikoen garapen motelarengatik. Esaterako, pertsonak zaintzeko diren zerbitzuak, helduentzako eguneko zentroak, zein geriatrikoak”.

Administrazioak bizi duen egoerari ere erreparatu dio udalak: “muga zorrotzak daude, ordezkapenak ez dira betetzen ari, hainbat lanpostu amortizatzen ari dira, 35 lanorduko asteak ez dira berreskuratzen ari, emakume askok lan egiten duen sektorean, administrazio publikoan, lanaldiko baldintzen berdintasuna urratu eta emakume langileen bizkar erortzen dira bereziki murrizketa hauekin guztiekin”.

Herritarrei dagozkien eskubideak betetzen ez dituztenez, “aldioro eskatu beharreko laguntza publikoen jasotzaile bilakatzen gaituzte, unean-uneko borondate politikoak ezarritako aurrekontu eta baldintzen menpeko bihurtzen gaituzte emakumeak”. Eta esparru pribatuan “aldi baterako lanaldiak, lansari eskasak, egun gutxi batzuetarako kontratu sistema prekarioak, bereziki emakumeei zuzenduak izan dira”. Horren ondorioz, “emakumeak sistema produktibo prekarizatuan eta erreproduktibo gainkargatuan aritu behar dira”.Horregatik, emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasunak aurrera egitearen beharra nabarmendu zuen Altsasuko Udalak.

%24 eta %79
Orokorrean lan prekarioa handitu den kopurua da aurreneko zifra, emakumeen artean areagotu egiten dena (bigarren zifra).