Behatokia hizkuntza-eskakizunak kentzeko erabakiaren kontra

Herritarren hizkuntza-eskubideen bermean atzerapausoa dela uste du. Horregatik, alegazioak aurkeztu ditu.

Altsasuko Udalak obra eta garbitasun langileei hizkuntza-eskakizuna kentzea eta merezimendu bihurtu du. Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren iritziz hori onartzeak altsasuarren “hizkuntza-eskubideak urratzeko atea zabaltzea dakar”. Behatokiak, aldi berean, Altsasuko Udalari atzera egin dezala eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko duen betebeharra bete dezala eskatu dio.

Behatokiak dioenez, “udal langile horiek harreman oso estua dute egunerokoan altsasuarrekin”: edozein obra, konponketa eta ekitaldien muntaketa, jasotze lanak eta prestaketa burutzen dute; egunero-egunero herriko kaleetan jarduten dute eta ezinbestean altsasuarrekin zuzeneko hartu-emana dute. “Elebidunak izan ezean, herritarren hizkuntza-eskubideak urratuko dituzte”.

Altsasuko Udalak erabaki horrekin “aurrez udalak berak ezarritako irizpidearen kontrakoa dela” nabarmendu du Behatokiak. ,”Kontuan harturik lanpostu horien funtzioetan ez dela inongo aldaketarik egon, erabakia ez dugu arrazoizko jotzen. Gainera, espediente osoan eta proposamenean ez da inolako arrazoirik ematen eta plazaratzen hizkuntza profilaren aldaketa proposatzeko”.  Altsasuko “eremu euskaldunean” dagoela eta altsasuarrek “udal langileekin euskara erabiltzeko eskubidea dute eta, Administrazio Publikoaren betebeharra hori bermatzea” dela gaztigatu du.