Borobil teatroak Fuera de juego antzezlana dakar. Protagonistak, bi: Manu eta Martin. Biak ere aspaldiko ezagunak. Biak ere mutil koxkorren futbol talde banako entrenatzaile. Biak ere kirol horren baloreak jokalariei erakusteko asmoa dute: “futbola handia da, miresgarria. Futbolari esker ikasten dugu talde lana zeinen garrantzitsua den, ausardia eta umildadearen arteko orekaz, galtzen nola ikasi”.
Ikaragarria zer pasio pizten dituen eta, aldi berean, zer frustrazio sortzen duen. Futbolak milaka pertsona aldi berean hunkitzea edo hondoratzea lortzen du. Itxura normala, orekatuta eta lasaia duen pertsona segundo batzuetan basati bihurtzea ahalbidetzen du. Manuk eta Martinek aspalditik ezagutzen dute elkar. Manuk eta Martinek finala dute begi bistan. Eta irabazi nahi dute. Garaipena nor diren frogatzeko modu bakarra dute, bizitzan jokoz kanpo ez daudela erakusteko aukera bakarra.
Fitxa
Egileak: Mikel Pagadizabal, Nagore Aranburu eta Anartz Zuazua
Antzezleak: Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota
Musika: Ignacio Perez Marin
Zuzendaritza: Anartz Zuazua