Goazen lilasterketara!

Guaixe 2017ko mar. 10a, 14:35

Igandean, 12:00etan, Altsasuko Foru plazak emakumeendako IV. Lilasterketa hartuko du

Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunean antolatutako ekitaldien barruan, Altsasuko Udalak, Emakumeen Bilgunearen bitartez, IV. Lilasterketa antolatu du. Donostiako Lilatoi arrakastatsua Sakanara ekartzeko antolatu zen ekimena eta aurten laugarren urtez jarraian antolatuko da. 

Lilasterketa igandean izanen da, Altsasuko Foru plazatik abiatuta, 12:00etan. Ohiko moduan, berdintasunaren aldeko lasterketa hau ez da proba lehiakorra izango. Korrika, oinez, patinetan, aulkitxoetan, gurpildun aulkian… norberak ahal duen moduan osatuko du ibilbidea, helburua emakumeen parte-hartzea sustatzea delako. Antolakuntzak 0 eta 99 urte bitarteko emakume guztiei egin die bertan parte hartzeko deia.

Probak San Silbestrearen ibilbide bera izango du, 4 km ingurukoa. Oinezkoek itzuli bat emango diote zirkuituari (2 km inguru), korrikalariek 2 itzuli (4 km inguru) eta irristalariek eta txirrindulariek 3 itzuli (6 km inguru). Lasterketarekin emakumeak protagonistak direla erakutsi nahi da. Bukaeran parte-hartzaileendako hamaiketakoa izanen da.

Izena ematea, dohainik
Aurreko urtean 90 emakumek parte hartu zuten Lilasterketan. Izena ematea dohainik da, aurretik Emakumeen Bilgunean (948 564 823 edo berdintasuna@altsasu.net) edo bestela, egunean bertan, 11:30etik aurrera Gure Etxean.