Zer gerta ere, Otadiko ermita itxita

Guaixe 2017ko mar. 24a, 10:19

Teilatua eta bobeda ez daude egoera onean eta konpondu bitartean itxita egonen da. Beraz, maiatzeko gurutzeko  elizkizunak ez dira ermitan eginen.

Kanpo santura itsatsia dagoen ermita, Otadiako Kristo deuna, abendutik itxita dago. Rafael Aiarra apaizak azaldu digunez, ermitaren egoera ikusita elizbarrutiko arkitektoa hots egin zuten. Eraikinaren haren behaketa adituak teilatua egoera onean ez zegoela ondorioztatu zuen. Euri uraren eraginez egitura kaltetu da. Arkitektoak konponbidea eman zuen ere, teilatua sendotu eta bobedak eta haiei eusten dioten egurrezko egitura kentzea. Lanak despeditzean, teilatuaren zurezko egitura agerian uztea.

Otadiako ermitan aurreikusitako lanek 76.000 euroko aurrekontua dute. Altsasuko parrokiaren ekonomia ez dago egoerarik onenean eta, horregatik, apaizak ekarpenak eta proposamenak ongi etorriak izanen direla esan digu. Lanak egin bitartean ermita itxita egonen da, “ezbeharrak eragozteko”. Izan ere, Aiarrak gogoan du 2006ko San Juan egunean izen bereko ermitan gertatutakoa: eguneko meza eta ezkontza baten ondoren ermitako teilatua barrura erori zen. Ermitaren jabetzaren inguruko eztabaida piztu zen eta 2008ko San Juan egunera arte ez zen teilatua konpondu.

Ermitaz
Eraikinak bi zati ditu. Burua, erretaula hartzen duena, zaharrena da. Hasieran, XVI. mendean, guruztoki edo kapera irekia izan zen eta puntu erdiko arku batetik sartzen zen. Jatorrizko eraikuntza horri egungo harlanduzko nabe lauki-luzea gehitu zioten. Ermitaren barruan burdin hesi barroko batek burua eta erantsitako nabea bereizten ditu. Ermitak XVIII. mendeko erretaula barrokoa du. Andra Maria doloretakoa, San Juan haurrarekin eta gurutziltzatutako Kristoaren irudia du erdian. Gainean, aita eternoaren irudia dago.

Auñamendi Eusko Entziklopedian Kristoaren irudiaren egileak bi izan daitezkeela aipatzen da. Alde batetik, 1599an hil zen Juan de Iriarte eskultore altsasuarra. Bestetik, Altsasun bizi izan zen Pierres Picart irudigile frantziarrarena izan daiteke. Azken horrek egin balu zaharragoa litzateke irudia. Debozio handia izan zaio Otadiako Kristo deunari urtetan. 1719Ko agorrilaren 12an miraria ere egin omen zuen, hildako haur bat sagar bila piztu zenean. Horren berri ematen du Altsasuko Santo Kristori kantuak. Maiatzeko eta iraileko gurutzetan, 3an eta 14an, egiten dira erromeriak ermitan.

Altsasuko Santo Kristori

Zeruetatik etorriya da
Maitasunez beterik
Gure Altsasuko-Otadien
Dagon Kristo besuak zabalik.

Juan Frai Santubak ikusi zuen
Urrutikan argiya,
Beriala pensatu zuen
Au zala milagro aundiya.

Larunbatero etortzen zaigu
Zerutatik argiya,
Antxen egiten dituala
Milagro ikusgarriya.

Juan Frai Santubak bota izan zuen
Sagarra Ermita barrena,
Juakin San Roman bisturik
Lasterkan juan zan argana.

San Joakin eta Santa Ana dira
Birgiñarentzat Aita eta Ama,
Guk ere eduki dezagun
Deboziyua aingana.

Nere gendiak, artutzen badegu
Biotzaz deboziyua,
Etzaigu, ez, faltatuko
Zeruan palaziyua.