Arratsalderako pop-jazz doinuak

Guaixe 2017ko mar. 31a, 14:01

Larunbatean, 19:00etan, Altsasuko Arkangoa tabernan.

Diskoa grabatu berri dutela, ziurrenik lan berria aurkezteko asmoz iritsiko da Zamarra eta aterkia taldea. Lekunberrin sortutako musika-proiektua da eta euskara hutsezko pop-jazz doinuak lantzen ditu. Xabier Zamargileak abiatu zuen egitasmoa (konposizioa, ahotsa eta gitarra akustikoa) eta Beñat Artze (perkusioa, koroak eta konponketak) eta Manex Albira (koroak, gitarra elektrikoa eta konponketak) batu zituen proiektura. Antza, Miren gaztea ere haiekin ariko da, lauko formazioa itxiz. Errealitatearen ikuspegia intimitatetik begiratuta jasotzen du haien sormenak, zoramen eta xamurtasun dosiz lagunduta.

Xabier Zamargileak, hainbat talde musikaletan hartu zuen parte joan den mendeko 90 hamarkadako akaberan eta 2000ko hasieran. Lekunberriko Zata eta Iruñeko Diot taldeak besteak beste. 2006an musikaz aldendu eta 2011an gitarra ikasten hasi zen. Hortik aurrera gitarra ikasketetan sakontzen eta zenbait kontzertu eskaintzen aritu da.