Hezkuntza ez formalaren garrantzia gazteen artean

Altsasuko Udal Gazteria Zerbitzua 2017ko api. 7a, 08:05

kolaboratzaileak

Hezkuntza ez formala diogunean, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren plangintza eskola eremutik kanpo izan eta asmo hezigarria duten prozesuek, bitartekoek eta erakunde zehatzek eratutako osotasunaz ari gara.
Hezkuntza ez formalaren helburua da elkarbizitza, harreman horizontalak, errespetua, askatasuna, berdintasuna eta aniztasunaren aldeko jarrerak bultzatzen dituen aisialdia sustatzea. Halaber, hezkuntza ez formalak pertsonak gaitu nahi ditu gizartean kritikoagoak, solidarioagoak eta parte- hartzaileagoak izan daitezen.

Ildo horretan, Udalak eta, bereziki, Gazteria arloak, hezkuntza ez formalaren bultzatzaile gisa ulertzen ditugu. Izan ere, hezkuntza ez formala herritarrentzako inbertsio bat baita duen balioarengatik zein errentagarritasun handiagatik eta, finean, aldaketa soziala bultzatzea helburu duelako.
Egun, aisialdiko begiraleentzako lan-poltsak osatzen ari gara. Aisialdiko begiraleena gazte kolektibo garrantzitsua da, dinamikoa, hezkuntza ez formalean gaitua eta eremu publikoetan aniztasun funtzionala, kultur ezberdinak, aniztasun sexualak, jakin-minak, ilusioak eta abar dituzten haurrak, nerabeak, gazteak eta adin guztietako neska-mutilak heziko dituena. Aisialdiko begiraleek kultura solidarioago, jasanberago, berdintasunezkoago, anitzago eta parte- hartzaileago baten hazia izango diren koadrilak eta gazte kolektiboak heziko dituzte.
 
Hezkuntza ez formala gizartearentzako oso onuragarria da benetako beharrei, interesei eta eskaerei arreta jartzen dielako eta gazteak direlako hezkuntza prozesu osoaren parte- hartzaileak. Egun, gazteak konturatzen ez badira ere, trebakuntza eta gaitze prozesu hori tresna oso baliagarria izanen da gizartearen eta norberaren etorkizunean.
Hezkuntza ez formalak gizartean duen garrantzia eta hezkuntza ez formaleko hezitzaileen lana baloratzea agerikoa da.