Txolo eta Dana, Nafarroako txakur ederrenak

Guaixe 2017ko api. 7a, 12:47
Jesus Pablo Leon, Dana eskutan eta Txolo aldea dituela.

Jesus Pablo Leonen txakurrak Nafarroako Txapelketa irabazi dute euren kategorian.

Martxoaren 12an Nafarroako Txakurren Txapelketa jokatu zen Azagran. Hainbat eta hainbat txakur lehiatu ziren, kategoria ezberdinetan. Altsasuko Jesus Pablo Leonek aurkeztu zituen bi txakurrak, Txolo eta Dana, Nafarroako txapeldunak izan ziren, Nafarroako txakur ederrenak, euren mailan.

Txolo 4 urteko border collie gris eta txuri ederra da, kolore ezberdinetako begiekin. Dana, aldiz, urte eta erdiko pinscher ipotxa arrazako txakurra, minipinscherra, doberman txikia. Sociedad Cinófila de Navarra elkartearen irudikoz, Txolo, bere mailan, linea irekia delakoan, txakurrik ederrena izan zen. Eta Dana, gazteen mailan, ederrena.

“Bakoitza bere arrazan eta mailan txapelketako txakurrik ederrena izan zen. Txolok aurretik ere hainbat sari izan ditu, hirutan izan da txapeldun. Esaterako, 2016an Burgosko Medina de Pomarren txapelduna izan zen. Aurten ere, ekainean, txapelketa horretara aurkeztuko dut. Aldiz, Danarendako bere lehendabiziko saria izan zen hau” azaldu digu Jesus Pablok.

Txoloren bigarren saria, Tomas semearekin
Txolok ez zuen sari bakarra jaso Azagran. Jesus Pabloren semeak, Tomás Pablok, beste sari batera aurkeztu zuen. Sariketa horretan, besteak beste, txakurren obedientzia eta beste baloratzen ziren. “Txolo oso ongi hezia dago eta semearen argibide guztiak jarraitu zituen. Hortaz, bigarren saria lortu zuen gure txakurrak” gaineratu du altsasuarrak.

Jesus Pablok ez ditu soilik txakurrak hezten. Kanarioak ere baditu. “Egun 50 kanario bikote ditut, kolore eta arraza guztikoak. Mundu hau gustuko dut” nabarmendu du.