Europako hondakinen bereizketari eta birziklatzeari buruzko neurriak gero eta zorrotzagoak dira. Materia organikoa berezituta jaso eta birziklatzeko eskaerak gero eta zorrotzagoak dira. Eskakizun horietara egokitzeko Altsasuko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak hitzarmena sinatu zuten, materia organikoa jasotzeko bosgarren edukiontzia, marroia, jartzeko. Oraingoz, Altsasuk dituen 3.764 etxebizitzetatik 91 azaldu dira materia organikoa banatu eta edukiontzi berrian uzteko prest.
Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuak jakinarazi digunez, 91 etxebizitza horietaz aparte, Altsasuko 171 etxek auto-konposta egiten dute. Beste 60 etxetako materia organikoa, berriz, bi auzo-konpostagailuen bidez kudeatzen da. Guztira 322 etxebizitza daude materia organikoa banatzen edo horretarako prest. Hau da, Altsasuko etxebizitzen %8,55.
Mank-ek azaroaren 14an hitzaldi sorta batekin hasi zuen informazio kanpaina. Gainera, astelehen, asteazken eta ostiraletan Baratzekobide plazan dagoen lokomotoran informazio bulegoa zabaldu zuten. Mank-etik aitortu dute izen ematea “nahiko motel” doala. Horregatik, joan den astean ordutegia aldatu eta informazio bulegoa bakarrik asteazkenetan dago zabalik, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Konpost festa
Udaberria loreak eta baratzeak landatzeko garaia da. Landare eta barazkiak egoki hazteko, lurra egoki prestatu eta haren kalitatea bermatzea funtsezkoa da. Horretan konpostak izugarri lagundu dezake. Horregatik, Altsasuko konpostalariek, Sakanako Mankomunitatearekin elkarlanean, konpost festa antolatu dute biharko. 10:00etatik aurrera Txioka inguruan dagoen konpostagailuan egonen dira, birringailu baten laguntzaz konposta atera, txikitu eta banatzeko. Gainera, hamaiketako txiki bat ere egonen da denon artean goiz eder bat pasatzeko. Altsasuko bi auzo-konpostagailuak joan den urteko maiatzaren 16tik ari dira 60 etxebizitzako materia organikoa jasotzen. Mank-ek eskerrak eman nahi dizkie “konposta era egokian egiten duten bizilagun guztiei, haiei esker Nafarroan gehien birziklatzen duen eskualdea izatea lortu dugulako”.
%40 edo zerbait gehiago
Etxeetan sortzen diren hondakinen artetik materia organikoaren kopurua.