Otadia aldeko auzotarren (Martin Zelaia eta Javi Bergara) eta Sakanako Mankomunitatearen Hondakin Zerbitzuaren ekimenez konpost festa egin zen larunbatean. Otadiako auzokonpostagailura hura erabiltzen duten eta ez duen jendea elkartu zen. Konposta jaso bai, baina nola egiten den ere jakin nahi izan zuten askok. Auzo-konpostagailuaren metro kuboko sei gorputzak zabaldu zituzten, jendeak ikus zitzan. Baita egindakoa atera, bahetu, zakutan sartu eta eramateko. Mank-eko hondakin hezitzaile Beñat Agirrek konpostaren kalitate ona zela adierazi zuen.
Baratzak edo loreontzietako lurra aberasteko baliagarria da konposta, ongarri bat da. Baratzean zuzenean bota daiteke, baina etxeetan bi heren lur eta beste bat konpost nahastuta erabili behar da. Aurten ez dute herriz herri banatuko. Mank-ek Arbizun duen hondakindegian konposta dago eta nahi dena har daiteke, 7:00etatik 14:00etara. Pala eta zakua eramatea komeni da.
5. edukiontziaz
Altsasun hondakinen gaikako bilketa %27koa da gaur egun. Europatik agindua dago 2020rako %50ekoa izan behar duela. Horregatik, Mank-ek eta Altsasuko Udalak edukiontzi marroia jartzea erabaki zuten eta urte bukaerarako gaikako bilketa %65era igotzea. Horrek esan nahi du 2.260 etxebizitzek eman beharko luketela izena 5. edukiontzia erabiltzeko, Altsasuko %60. Sistema berria ezartzeko hilabete eskas falta denean %8,55ek besterik ez dute izena eman. Datuak ikusita, Mank eta udala zer egin aztertzen hasi dira.
5. edukiontzia erabiltzeko izena eman nahi dutenek asteazkenetan Baratzekobideko lokomotoratik pasa daitezke, 10:00etatik 13:00etara edo 17:00etatik 19:00etara. 900 730 450 telefonora ere hots egin daiteke.