Iortia antzerki tailerra Tren-din-topic lanarekin bueltatuko da eszenara. Joan den urtekoa drama bat izan bazen, “aurten atera zaiguna absurdoaren inguruan dabil”. Birjiñe Albire tailerreko zuzendariaren azalpenak dira honakoak: “tren geltoki batean elkartzen dira pertsonaia guztiak. Denek lagun berezi bat zuten, Demi. Hil egin da eta guztiak omenaldi txiki bat egitera joan dira”.
Pertsonaiek ez dute elkar ezagutzen eta trenaren zain daudela ezagutuko ditu ikusleak. “Oso pertsonaia desberdinak direnez, egoera arraro xamarrak, elkarrizketa nahikoa absurdoak sortuko dira”. Pertsonaien sorreraren abiapuntua “oso errealista da, baina bagoaz handitzen eta exajeratzen eta pertsonaia batzuk nahiko bereziak dira. Horrek istorioari abiadura ematen dio”. Eta balioko zerbait desagertuko da. Zeinek lapurtu ote du?
Tren geltokia irudikatzen duen etxetxoa eta aulkia izanen dira eszenografia osatzen dutenak. Obran denbora aurrera doala irudikatzeko eszenen aldaketa ikusleen begi bistan eginen dute. “Oso musika politarekin lan eginen dugu”, aurreratu digu zuzendariak. Altsasukoaren ondoren beste nonbaiten emanaldia eskaintzeko prest leudeke tailerreko kideak.
Sortze prozesua
Lastailetik astean behin biltzen dira tailerreko kideak. Bi orduko saioak dira. Albirak aitortu digu nahikoa denbora gutxi dela emanaldirako, “baina lan eta lan ibiltzen direnez, gauzak beti ongi ateratzen dira”. Ikasleak, langile-ikasleak… “Batzuetan, aurreneko momentutik denak batera egotea zaila egiten zaigu. Horregatik, azken egunak nahiko lanpetuak izaten ari dira”.
Joan den urtean baino bi kide gehiagorekin lan egin du, zortzi aktorerekin. “Bakarren bat joan, bi etorri. Horrela ibiltzen den bitartean oso ongi dago, jende berria datorrelako eta beti oso gauza ona da. Baina, aldi berean, zaharrak mantentzen dira”. Oreka aipatu digu zuzendariak. “Haize berria dator, baina lan egiteko unerako egitura bat egina dugu eta hori oso gauza ona da”. Kide berriak eta beteranoak izanda, haiekin antzerki teknikak lantzea oso erraza ez dela aitortu digu Albirak. “Lanerako aurrean nor dudan ikusten dut. Nondik bideratzen ahal diren hobeki ikusten saiatzen naiz”.
Ohi bezala, antzezlana sortzeko abiapuntua pertsonaiak izan dira. “Poliki-poliki pertsonaiak sortzen goaz, ariketen bidez, eta. Pertsonaiak beraiek sortzen dituzte”. Albirak argitu duenez, “ezagutzen ditudanekin badakit zer egin nahi dudan. Saiatzen naiz aurreko urtean egin zituzten istorioetatik urruntzen”. Pertsonaiak sortu ahala egoerak proposatzen dituzte, “pertsonaia horiek elkartzen direnean, noiz elkartzen ahal diren, zer gertatzen den… Horrela, poliki-poliki bukaeraraino”.
Zein da zein
Begoña (Amelia Lapuente). Oso emakume serioa da. Ematen du den-dena kontrolpean duela. Baina etxean duen senarra da dena kontrolatzen duena, baita Begoñaren bizitza ere. Berak ez ditu besteak diren bezala onartzen, bera oso zorrotza delako. Baina etxekoa da oso zorrotza.
Joxe (Eder Goikoetxea). Tren geltokiko langilea, Demiren herrikoa, lagunak ziren. Oso gizon lasaia da. Beste pertsonaiak trena iristen ez delako urduri daude eta berak lasaitasun puntua jartzen du.
Aran (Santi Goikoetxea). Super exekutibo modernoa da. Bere zilborrari begira dago eta inguruko dena berdin zaio. Berea, berea, berea. Oihukatzen primeran daki. Ia antzezlan osoa oihu batean ematen du.
Ulises (Sergio Molero). Gaztetxo bat da, beti mugikorrekin, tabletekin… mundu horretan sartuta. Errealitatetik alde egiteko egiten du. Ez daki zehazki zer gertatzen zaion, baina bere aitarekiko zerbait duela sumatzen da momenturen batean.
Arrate (Saioa Arregi). Oso emakume berezia da: den-dena kontrolpean izan behar du. Baina kontrola galtzen denean arriskutsua izan daiteke. Horregatik, den-dena kontrolpean izaten du. Nahi gabe arazoak sortzen ditu.
Eli (Beatriz Ganuza). Neska gaztea, nahikoa berezia. Ez du familiarik izan eta 13 etxe desberdinetan bizi izan da. Besteek ez dakite zergatik izan duen hainbeste aldaketa 13 familia horietatik pasatzeko. Gero jabetzen joanen dira. Berak bere benetako familiaren falta izan du. Alde batetik oso neska jatorra eta maitagarria dela ematen du, baina alde iluna ere badu.
Salba (Alberto Alvaro). Demiren bizitzako gizona izan da. Ezohiko amodioa izan zen haiena. Ez zuen bere herritik joan nahi eta Demik bai. Elkar maitatzen zuten. Batzuetan urrun egonda. Beste batzuetan hurbil egonda. Oso gizon zentzuduna da. Berez, ez da inora joan behar, han bizi da, baina bera ere tren geltokian dago, arrazoi bategatik.
Kontxi (Juli Alvaro). Oso emakume zoriontsua da. Besteengan zoriontasun hori sortzen saiatzen da. Hodeietan bizi da. Beti poltsa batekin doa eta han esentzia potoak eramaten ditu. Batzuetan hartzen ditu eta beste batzuetan berak bota egiten ditu. Esentzia horiek ez dira loreetatik ateratakoak. Izan daiteke itxaropenaren esentzia.