Errepublikaren eguna, apirilaren 14a, Ostiral Santuarekin eta opor egunekin bat egiten zuenez, Altsasuko Izquierda Unidak “askatasuna, elkartasuna, errespetua eta ilusioa erakutsi zizkiguten gizon-emakumeak omentzeko” ekitaldia larunbatera atzeratu zuen. Arturo Carreñok ekialdian adierazi zuenez, “ordutik 86 urte pasa dira, eta beste politika erregimen batzuen emaitzak herritarrek ez dituzte inondik inora disfrutatu”. Bitarte horretan 3 urteko gerratea, 40 urteko diktadura, alderdi-bitasun “gogorra” pasa ditugula aipatu zuen; “lau urteroko hauteskundeekin ez dugu ezer aurreratzen”. Langabetuak, lan baldintza eskasak dituztenak, emigratu duten gazteak, pobrezian bizi diren haurrak, elikagai banku eta Caritastik pasatzen diren pertsonak gogoan izan zituen. “Hau desastre bat da eta inork ez du konponbiderik jartzen”.
Krisiaren ondorioz klase ertainik ez dagoela salatu zuen, Carreñok: “%10 oso aberatsak eta %90 behartsuak besterik ez daude”. Horren aurrean, “herrialdeak politika justuagoa, solidarioagoa, bazterkeriaren kontra eginen duena” behar dela aldarrikatu zuen zinegotzi ohiak. Murrizketak koroari, elizari, armadari eta hilero 8.000 eta 10.000 euro artean irabazten dituzten politikariei egiteko eskatu zuen, baina ez hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan. Koalizioko kideak nabarmendu zuenez, “ez zaigu langabeziaz eta laguntzez bizitzea gustatzen; ezta lanik gabe egotea ere; gainera, lan egiten badugu, gu esplotatzea ez zaigu gustatzen”.
Sortu-berri diren alderdi eta koalizioei zuzendu zitzaien Carreño: “herritarrendako konponbide errealak opatzeko pentsa, lan egin eta bila ditzatela”. Elkarrekin borroka egiteko deia egin zuen, “guztiok duintasunez bizi gaitezen”. Dagoenarekin ezin gaitezkeela konformatu eta kalera baketsuki protesta egitera ateratzeko gonbidapena egin zuen. Ekitaldian Nafarroako IUko idazkari nagusi Marisa de Simon eta aurretik kargu bera zuen Jose Migel Nuin izan ziren.