Mendigune bat islatu behar dute filmean eta inguru horretan bizi diren ile luze eta bizardunak diren pertsonen bila dabiltza gaurko castingean. “Hiri handietatik pixka bat bazrtertuta bizi zen jendea, mendiko langileak”, azaldu digu Jorge Guardado filmaren estatuko casting zuzendariak. Garai hartako argazki asko dute oinarri castinga egiterakoan. Altsasun 150 bat pertsonaren berri jasotzea nahiko lukete gero haien artean aukeratzeko. “Profil ematen dutenak sartuko dira. Zenbatek lan eginen duten oraindik ez dakigu”.
Aukeraketa prozesuan parte hartzen dutenek hasieratik jakinen dute profila betetzen duten edo ez. Taldetxotan sartzen dira Gure Etxea eraikinera. Behin barruan, haien datuekin fitxa bat betetzen dute (datuak, zaletasunak, trebeziak). Parte-hartzaileek dokumentazioa ematen dute, kontratua egin ahal izateko. Zenbakidun kode bat eman eta horrekin argazkiak egiten zaizkie (paretik eta profilez). Atera aurretik lan baldintzen (figurazioaren hitzarmen kolektiboa), errodatze baldintzen, filmaketaren edertasuna eta une aspergarrien berri ematen zaie parte-hartzaileei. Hiru bat astetan jakinen dute onartuko dituzten edo ez.
Aurreneko parte-hartzaileak
Lehen orduan Bakaiku, Altsasu, Agurain, Laudio, Bakio, Bilbo, Iruñea, Lizarra edota Zuastiko jendea izan da casting-etik pasa dena. Ibarretik kanpoko gehienak halakoetan eskarmentua zuten jendea ziren, batetik bestera joaten diren lagun koadrilak. Ez horrela sakandarrak. Esperientzia “polita”, “berria” bizitzeagatik, jendea ezagutzea edota “astebururako anekdota bat izateko” animatu dira casting-ean parte hartzera. Ahizpak animatua joan zen bat, altsasuarra izanda kanpokoa ote den maiz galdetzen dioten beste bat ere pasa da castingetik.
Eskatutako profilak
Gizonezkoak eta emakumezkoak 18 urte baino gehiago izan behar dituzte, europar aurpegiera (nordikoa eta Europa ekialdekoa). Oso meheak diren beltzaranak eta ile urdinak ere onartuko dituzte. Baita amerikar natiboen profila dutenak ere. Gizonezkoen kasuan, gainera, kontuan izanen dute bizar eta bibote handiak. Bestalde, 6 eta 12 urte bitarteko haurrak ere behar dira, gehienez 140 cm-ko altuera dutenak. Baina ile-horiak, ile-gorriak edo gatzaina-koloreko ilea dutenak onartuko dituzte. Haien ingeles ezagutza kontuan hartuko da. Castinga egiterakoan kontuan hartuko dituzte antzezpen, musika eta dantza esperientzia.
Beharrezko dokumentazioa
Figurante guztiei gizarte segurantzan alta emanen diete, beraz, biharko hautaketara eskatutako dokumentazioa eramatea ezinbestekoa da, bestela ez zaie kasurik eginen. Honako agiriak eraman behar dira:
- Nortasun agiriaren fotokopia, bi aldeetatik.
- Gizarte segurantzako afiliazio zenbakiaren fotokopia. Langilearen zenbakia behar da, ez du balio onuradunaren zenbakiak ezta osasun txartelak ere.
- Kontu korrontearen zenbakiaren fotokopia (IBAN+20 zenbakiak). Kopia argiak eta irakur erraza izan behar du.
- Adin txikikoen kasuan: haren nortasun agiria, legezko tutoreen nortasun agiria, haurraren edo tutoreen kontu zenbakia eta familia liburuaren fotokopia (gurasoen eta haurraren orria).