Gaur egun Altsasun hondakinen gaikako bilketa %27koa da. Europako Batasunak eskatzen du 2020rako gutxienez %50ekoa izan behar duela. Helburu hori lortzeko Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak akordioa sinatu zuten. Urte akaberarako gaikako bilketa %65era igotzea jarri zuten helburu. Bitartekoak ere zehaztua daude: 5. edukiontzia eta auto edo auzo konposta. Baina altsasuarrek hura erabiltzeko ez dute izena eman. Gauzak horrela, Mank-ekin adostuta, udalak, aho batez, 5. edukiontzia ezarpena urte bat atzeratzea adostu zuen herenegun. Helburua lortzeko data berria 2018 abenduaren 31 da.
Bitartean Mank-ek kontzientziazio kanpaina berria eginen du. Udal bilkuran Goazen Altsasuk eskaera eta proposamen egin zituen. Batetik, helburua lortzeko Mank-ek egindako jarduerak jasotzen dituen eta haien balorazioa jasotzen duen txostena egitea eskatu zuen. Aldi berean, aurrera begira egin behar diren jardueren plana aurkezteko eskatu zuen. Altsasuarrek jakinarazitako proposamenak ere azaldu zituzten Goazen Altsasukoek: informazio bulegoaren kanpoko aldean arreta ordutegiaren eta telefonoaren berri ematen duen kartela jartzea, batetik, eta, bestetik, jendea biltzen den azoka moduko uneetan informatzaileak bulegotik kalera ateratzea interesgarria litzateke, sentsibilizazio lana bertatik bertara egiteko. Azkenik, azaroan Mank bidalitako informazio gutuna etxe guztietan ez dela jaso gaztigatu dute.
Mank-etik jakinarazi digutenez, informazio kanpaina berria maiatzean hasiko dute. Bi oinarri izanen ditu. Alde batetik, organikoa banatzearen onurak azaltzea, hau da: birziklatze tasa igo, gutxiago kutsatzea, zabor tasan %15eko deskontua… altsasuarrek organikoa banatzeko hiru aukeretako batean izena eman dezan. Bestetik, gaur egun dauden frakzioen banaketa egokiago bat egitea.
Baratzekobide plazako lokomotoran Mank-ek hondakin bilketa sistema berriari buruzko informazio bulegoa zabaldu du. Interesatuak asteazkenetan pasa daitezke handik, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Bulegora joaterik ez dutenek 900 730 450 doako telefonoaren bidez izena emateko aukera izanen dute. Informazio telefonoa astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:00etara, dago erabilgarri.
Materia organikoa
Etxeetan sortzen diren hondakinen %40 edo zerbait gehiago da materia organikoa. Hura egoki banatuz gero birziklatze tasa asko handitzen da. Horregatik, bai Mank-ek bai udalak 5. edukiontzian ahalik eta jende gehienak izena ematea nahi dute. 140 bat edukiontzi marroi jartzea aurreikusten da. Birziklatzen ez duenak sortzen duen kopuruaren arabera pagatuko duela aurreikusten du Nafarroako Hondakinen Kudeaketa Planak.
Kronologia laburra
2016-07-05 Mank-ek eta Altsasuko Udalak materia organikoa kudeatzeko elkarlan akordioa sinatu zuten.
2016-11-14 eta 15 Lau informazio bilera egin ziren Iortia kultur gunean. 900 730 450 doako telefonoa martxan jarri zen.
2016-11-20 Baratzekobide plazako lokomotoran informazio bulego gisa zabaltzen hasi ziren astelehen, asteazken eta ostiraletan, goiz eta arratsaldez.
2017-01-13 41 etxebizitzek emana zuten izena.
2017-04-07 91 etxebizitzek emana zuten izena.
2017-04-26 Udalak Mank-ekin zuen akordioa aldatzea erabaki du.
Beste erabaki batzuk
Altsasuko Udalak Aita Barandiarna adinduen egoitzako janari eta garbitasun zrbitzua Eureg Colectividades enpresari 186.970 euro (gehi BEZ) ematea erabaki zuen herenegun. Bestalde, Txirinbulo haur eskolako patioa egokitzeko 20.000 euro bideratzea onartu zuten zinegotziek. Azkenik, Nafarroako Auzitegi Gorenak Beikolarko plan bereziaren inguruan emandako epaiari helegitea aurkeztea erabaki zuen udalak.