Dantzari txiki eguna Altsasun bihar ospatuko da. Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako dantzari txikiekin batera Berako Gure Txokoa dantza taldekoek ere parte hartuko dute. Guztiendako hitzordua 11:00etan jarria dago Udal Musika eta Dantza eskolan. Dantzari, musikari eta begiraleak elkartuko dituen hamaiketakoa eginen da han bertan. Eguerdian, Altsasun barna eramanen dituen kalejirari ekinen diote. Zumalakarregi plaza, San Juan plaza, kultur gune pareko zabalgunea eta Foru plaza izanen dira ibilbideko toki nabarmenenak, horietan guztietan dantzariek geldialdiak egin eta erakustaldiak eskainiko baitituzte. 13:00ak pasa direnean eguerdiko saio nagusia eginen dute plazako intxaurrondopean. Guztiek elkarrekin Agintariena, Agurra, Fandango eta Arin-arina eta Txulalai dantzatuko dituzte.
Saio horren ondoren dantzariak etxeetan banatu eta haietan bazkalduko dute. Baina 16:30erako prest egon beharko dute, Altsasu Musika eta Dantza Eskolako fanfarrearen doinura erromeria eginen dute. Fanfarreak plazako dantzak joko ditu eta nahi duen guztia dantza egitera gonbidatu dute antolatzaileek. Eguraldiak lagunduko ez balu, ekitaldiak Burunda pilotalekuan eginen lirateke.
100 ikasle
Horiek dira Altsasuko Musika eta Dantza Eskolan euskal dantzak ikasten ari direnak.