Erregionaleko Kopan Altsasu final laurdenetara sailkatu da

Guaixe 2017ko mai. 2a, 12:22

Final zortzirenetan 8 eta 0 irabazi zion Idoiari

Asteburuan Erregional mailako Kopako final zortzirenak jokatu ziren, partida bakarrera. Altsasuk Idoia izan zuen aurkari Dantzalekun jokatutako partidan. Hasieran sendo ibili zen Idoia, baina Altsasu haien erresistentzia gainditzeko gai izan zen eta lehen gola sartu eta gero, hortik aurrera nagusi izan ziren gorritxoak.  Joseba Lizarraga (2), Eneko, Paulette, Patxi Letona, Nabil, Xabi Mazkiaran eta Mikel Cordero jokalariek sartutako golei esker, 8 eta 0 irabazi zuen Altsasuk eta talde sakandarra final laurdenetarako sailkatu da.

Fiteroko Calatrava aurkari
Final laurdenak joan eta etorriko partidetan jokatuko dira, maiatzaren 7an eta 14an. Joaneko partidan Altsasuk Calatrava taldea izango du aurkari, Fiteron, igandean, 17:00etan. Itzuliko partida maiatzaren 14an jokatuko dute, Altsasun.

Finalerdiak ere joan eta etorriko partidetan erabakiko dira, maiatzaren 21ean eta 28an, eta final triangularra ekainaren 4an jokatuko da.