Mainamikirri ipuin altsasuarra paperera eraman dute Castillo Suarezek, Josemari Morcillo Morkotsek eta Enara Insaustik. Castillo Suarezek ipuina ahozkotik idatzira pasa du. “Mainamikirri oso pertsonai karismatikoa da eta bizirik dagoen ipuina da”, dio Suarezek. Hirurek batera Fanietorri argitalpena zigilua sortu dute ipuina autoedizioan argiratzeko. Ostiralean egin zuten ipuinaren aurkezpena Altsasuko Iortia Kultur gunean eta dagoeneko salgai dago Arkatz liburudendan eta Ametsen fabrikan Arbizun.
Castillo Suarezek ahozko tradizioa eta ipuin tradizioanalak eguneratzeko ikastaro bat egin zuen Xepelar fundazioan. Ipuin tradizionalak, Suarezen esanetan, ezin dira bere horretan eman. Eta ariketa gisa Mainamikirri ipuina egokitzea erabaki zuen. “Mainamikirri oso pertsonai berezi eta erakargarria da. Dohainak zituen eta nolabait jakintza bat adierazten edo transmititzen du. Belaunaldiz-belaunaldi liburuetatik aparte eta naturarekin lotuta dagoen jakintza bat”. Batzuek diote Mainamikirri sorgina zela, beste batzuek sorgina hitza aipatu gabe dohainak zituen neska bat dela. Dena dela, guztiek argi dute Mainamikirri “berandu iristen den jendearekin eta berezia den jendearekin” lotzen den pertsonai bat dela.
Suarez ez da bakarrik egon. Ilustrazioak Josemari Morcillo Morkotsek egin ditu eta maketazioaz Enara Insausti arbizuarra arduratu da. “Argi neukan Altsasuko gauza bat zela eta herrirako gauza bat zela. Bertakoendako. Josemari burutan neukan hasieratik. Baina autoedizioa oso zaila da, beste lan batzuk daude, zalantzarik ez genuen izan eta Enara hots egin genuen”. Zigilu bat sortu dute: Fanietorri argitalpena. Hasiera bat dela aitortu du Suarezek, “ez dakit nora eramanen gaituen”. Hirurek finantzatu eta editatu dute, eta haien gain hartu dute dena.
Ahozko tradiziotik liburu ilustratura
Altsasuko ahozko tradizioaren ipuin bat paperera eraman dute. Duela urtebete inguru hasi zen Castillo Suarez ipuina idatzira eguneratzen. Suarezek azaldu duenez, ipuin zahar horiek ezin dira bere horretan eman. Hortaz, laguntza izan dute. 1986an Ageda Zelaiari Izaskun Etxeberriak egindako grabazioa izan du oinarri, baina ez da iturri bakarra izan. Enrique Zelaiak etxez-etxe folklorearen inguruko informazioa hartzen egon zeneko dokumentazioa ere izan da, eta Zelaiak Jimeno Juriori utzitakoarekin egin zuen argaitalpena ere izan du oinarri. Suarezek dioenez Zelaiaren bertsioa “gordina” da eta Jurioarena, aldiz, “literarioagoa”.
Mainamikirri Errota Txikin edo Errota Zaharren agertzen zela. Sorgina ote zen, edo besterik gabe dohain bereziak zituela. Hainbat bertsio daude, ahozko tradizioko ipuin guztietan bezala. “Herrialde askotan ipuin berdina dago: Bulgarian, Errumanian edo Italian. Mito berberean daude eraikiak. Hemen zigortzen da kuxkusero izatea. Eta kuxkuseroak nonnahi daude”. Hortaz, ipuina argitaratu aurretik prozesu luzea pasa behar izan du. “Lehendabizi egokitu egin behar duzu eta aholkularitza desberdinetatik pasa”. Koldo Zuazo eta Mikel Galartzaren laguntza izan dute euskararen egokitasunean. “Altsasuko hizkeran grabatuta dago, baina ahozkoan erdarakada asko sartzen dira”.
Ipuinek jakintza bat transmititzea dute helburu, lekzio bat ematea. Arlo antropologikotik ere egokitu behar zutela esan du Suarezek: “Gaiztoa izan behar da ijitoa? Zer zigortzen du ipuin honek? Pobretasuna zigortu behar dugu?”. Hortaz, aldaketa nabarmenak egon dira: gaizkilea ez da ijitoa eta bukaeran hilketa batekin bukatzen zenez, zertxobait moldatu dute ere. Isabel Mendiguren Elkarreko editoreak eta Yolanda Arrieta euskal folklorea eguneratzen adituak lagundu dute ere ipuina paperera eramaten.
Mainamikirriren ilustrazioak egiteko Josemari Morcillo, Morkots, ilustratzaileak argi izan zuen zerbait “intenporala” egin nahi zuela, Mainamikirriz ematen zen edertasunaren itxuratik harago: “esaten zuten Mainamikirri oso ederra zela, sexualitate handiko pertsona. Nik ez nuen hori erakutsi nahi”. Gaur egunean aurkitu daitezkeen elementuak, Erdi Arokoekin uztartu ditu marrazkilariak: “erregea badago, baina beste pertsonai batzuk gaur egunean egon daitezkeenak dira. Ez nuen nahi Tronuen Jokoak baten itxura izatea”. Koloreekin jolastu du ere Morcillok. Gainera, ipuinan ikusten den errota egiteko Urdiaingo errotara joan ziren, eta hiru egileek eskerrak eman diete bertako familiari ere.
Mainamikirri ipuina ostiralean aurkeztu zuten Iortia Kultur gunean ipuinaren kontakizunarekin eta umeendako tailerrarekin. Ipuin bat bada ere, adin guztietarako dela esan du Suarezek: “Josemarik ez liguke utziko esaten umeendako dela. Jendeak marrazkiak beti haur literaturarekin lotzen ditu”. Dagoeneko salgai dago Altsasuko Arkatz liburudendan eta arbizuko Amets fabrikan.