Altsasuarrak ederki Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Guaixe 2017ko mai. 4a, 18:38
Idoia Granizo eta Ekain Alegre txapeldunaren ezkerrean.

31. Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa hartu zuen Leitzako Atakabeltz gaztetxeak ostiralean. 14 eta 18 rurte arteko 14 bertsolarik parte hartu zuten. Aurrena, fase irekian, gai orokorrarekin, lau oinekin eta hitza emanda bertsoak osatu zituzten. Galbahe hori pasata, lau izan ziren bigarren fasera pasa zirenak: Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Ekain Alegre eta Idoia Granizo altsasuarrak. Azkenik, hirugarrenez, Joanesek jantzi zuen txapela eta Xabatekin batera Nafarroa ordezkatuko dute  Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, Saran, garagarrilaren 10ean.Txapelketak 80 entzule elkartu zituen, tartean Altsasuko bertso eskolako gaztetxoak. Giro ederrean joan zen saioa eta akaberan denendako merendua izan zen.

Lehia formatuko ekimen horrekin batera, Eskolartekoa, ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko… aukera ematen duten egitasmoak dira finean Eskolartekoa osatzen dutenak.