Artisau azokaren 25. urteurrena dakar Alde Zaharreko festak

Guaixe 2017ko mai. 5a, 10:45

Gaurtik domekara arte izanen dira ospakizunak.

Altsasuko Gazte Asanbladak antolatutako Alde Zaharreko Euskal Festaren muina gaur eta bihar izanen da. Nahiz eta aurretik hitzaldia eta euskalkia ikasteko jarduna egin. Bestetik, artisau azoka berreskuratu zela 25 urte beteko dira aurten. Industrializazioak estalitako garai bateko lanak eta ogibideak gogorarazteko asmoz abiatu zen azoka.

Artisau azokaren urteurrena
25 urte beteko ditu domekan Altsasuko artisau azokak. Joan den mendeko 70. hamarkada hasieran Festa Euskaroen barruan hasi ziren artisau ogibideen azokarekin Altsasun. Zenbait edizioren ondoren 1976koa izan zen azkena. 16 urteko etenaren ondoren Alde Zaharreko Bizilagunen Elkarteak azoka berreskuratu zuen 1992ko maiatzaren 3an. Ordutik Koldo Arnanzek egindako kartelak iragartzen du azoka. Aurretik, 1986an, plazan erakustaldi bat egon zen, plazan.

Goizez (12:00etatik 14:00etara) eta arratsaldez (17:00etatik 19:00etara) izan zen azoka. Egitaraua 11:00etako meza eta ondorengo soroen bedeinkapenarekin hasi zen. Eguerdiko ezkila errepikaren ondoren hasi ziren artisauak lanean Ferialeku kalean. Dantzariak, txistulariak, bertsolariak eta trikitilariak ere izan ziren. Altsasuko Udalak azokaren berreskurapenaren egunean herriko artisau beteranoen lanaren aitortza egin nahi izan zuen eta haiei edo euren seniedeei plaka bana eman zien. Lagun Onak elkarteak bere urteroko festa ospatu zuen eta txaranga izan zuen.

Honako artiasauek parte hartu zuten berreskurapenean: Patxi Mazkiaran (orbel gurdia); Jorge Urteaga (uztarriak); Javier San Roman (ardi-motzailea); Juan Aranburu, Pako Guridi eta Juan Iparragirre (artilea kardatzen); Martin Uhalde (aizkoren eta aitzurren girtenak); Jose Luis Fernandez de Garaialde eta Josetxo Goikoetxea (sutegia); Juan Antonio Aranguiz (segak zorrozten); Julio Irigoien (koilareak); Nikanor Fernandez (gazta); Teresa Uria; Justa Oiarbide, Teresa Guridi, Rosa Agirrebengoa eta Juanita Mazkiaran (taloak); Venancio Amillano (harria); Jose Antonio Olmos (zura); Maite de Miguel (zeramika). Denbora gutxi zen Altsasu Senpererekin senidetu zela eta hango ordezkariak Altsasun bisitan izan ziren zeramika piezekin.

1976ko azoka
Festa Euskaroen harira, Gure Etxea elkarteak artisau azokak antolatu zituen 70eko hamarkada hasieran. Azkena, 1976ko artisau azoka harekin jende ugarik bete zuen plaza. Azokaz aparte, egitarauan Otadiako ermitan egindako meza, ezkila errepika eta Bengoetxea zineman kontzertua izan zen: Iruñeko Ganbera Abesbatza, jotak, akordeoilariak eta zortzikoa.

1976ko azoka hartan honakoek parte hartu zuten: Francisca Arza, Justa Oiarbide, Gregoria Zelaia eta Antonia Zelaia (taloak); Sabina Goikoetxea, Luisa San Roman, Rosario Agirrebengoa eta Ageda Perkaz (liho lanketa); Damian Urteaga eta Jorge Urteaga (uztarriak); Francisco Mazkiaran eta Jose Zufiaurre (sega pikatu); Jose Apestegia (isatsak); Martin Uhalde eta Migel Bengoetxea (aizkoren girtenak); Julio Irigoien (koilareak); Maximo Martinez (ipurukoak); Juan eta Jose Goikoetxea (sutegia); Fernando eta Jose Luis Fernandez de Garaialde (gurpilen hagunak); Nikanor Fernandez (ardiak jetzi); Jose San Roman (gazta egin); Santiago Albistur (gurterak egin zituen); Juan Aranburu (artilea kardatu); Juan Iparragirre eta Francisco Guridi (artilea irun) eta Juan Azurmendi (artilezko galtzetinak egin).

1976ko filmazioa
Kunkunak zineamatuer elkarteak 1976ko artisau azoka filmatu zuen. Alsasua, folclore y tradición lanaren hirugarren zatia osatu zuen artisau azokari buruzko atala. Super 8an filmatutako irudiak sarean ikusgai daude.

Egitaraua
Maiatzak 5, ostiala
17:00etan Haurren txokua, plazan.
18:30ean Txokolate-jana.
19:00etan Kontzentrazioa, plazan.
19:30ean Pintxo-potia, gaztetxien.
20:00etan Artisautzari buruzko hitzaldia, Iortia kultur gunean, Fermin Leizaola (ranzadi zientzia elkartea)
21:00etan Auzatea, gaztetxien.
Gio, AGA caigo jokua.

Maiatzak 6, lanbata
12:00etan Auzatia, plazan.
12:30ean eLe-festa. Euskal hiztun berriei aitortza eta mintzodromua, plazan.
12:30ean Altsasuko erraldoi eta buruhandiak. Irteera Intxostiapuntatik.
13:30ean Sega apustua, Baratzekobide belardian.
14:30ean Herri bazkaia (plazan o kiroldegian, egualdian arabera).
Trikiekin Burunda pilotalekura.
18:00etan III. Bikotekako pilota goxua txapelketian finalak.
18:00etatik 21:00eara Josketa, lentzeria eta ehoziri ikastaroen erakusketa, Gure Etxea eraikinean.
20:00etan Elektro Txuflakin kalejira.
22:00etan Magrak, gaztetxien.
23:00etan Erokomeri taldearekin erromeria, gaztetxien.

Maiatzak 7, domeka
10:00etan Dianak Zangitu fanfarrea eta Txorongo Txarangarekin, Alde Zaharrean.
10:30etik 14:30era Artisau azoka eta taloak, Foru plazan.
11:00etatik 14:00etara Josketa, lentzeria eta ehoziri ikastaroen erakusketa, Gure Etxea eraikinean.
13:30ean Bildots zozketa.
17:30ean Ludoteka eta gazte-txokoa plazara! (12 urtetik gorakoendako).
19:00etatik 21:00etara Dantzaldia Duosoni2ekin, Foru plazan.

Oharra
Larunbatean, Gartzia Ximenez kalea oinezkoendako izanen da, 12:00etatik 24:00etara.

22 ogibide
Lentzeria eta ehoziri udal tailerretako kideak, Agustin Lopez de Zubiria (isatsak), Patxi Amillano (gazta), Jose Luis (saskigilea). Itziar Nazabal (pintura oihalean), Alvaro Garcia (zeramika), Brun forjak (sutegia), Ion Dufurrenea (kaikuak), Rodolfo Rivero (uztarriak), Pedro A. Lazkoz Marin (harria), Juan Manuel Herrero (kilikiak, kiliki tailerra), Ramon Paniagua (momotxorroak), zura lantzeko eskola (zur-lanketa), Alejandro Rellan (makilak), Carmelo Llena (pilotak), Iñaki Villanueva (zura), Asier Crespo (larrua), Cañamares anaiak (egurraren lankea), Jesus Mari Olmos (zura), Vianako sokagileak (soka) eta Maite Ieregi, Arantza Asurabarrena, Mari Navarrete, Maripi Larrea, Juanita Mazkiaran, Idoia Ganuza, Mari Jose Elizalde, Petri Garcia eta Belen Rubio (taloak).