EH Bilduk Euskara Batzordearen lehendakaritza uzteko erabakia errespetatzen dutela adierazi dute Geroa Baitik, nahiz eta “eman diren arrazoiekin ez gauden batere ados”. Javier Ollo Martinez alkateak emandako arrazoiekin ados ez daudela gaineratu du: “hainbat alditan azaldu dugu 2017. urteko Plantilla Organikoan udal obra zerbitzuko hizkuntza profiletan egindako aldaketa. Herritarrekin kontaktu zuzena ez duten lanpostuak dira”. Idazkaritzaren txostenaren esana ere ekarri du gogora alkateak:”ez da Altsasuko Udalaren eta herritarren arteko euskarazko erlazioa urratzen”. Eta gogorarazi du EH Bildu ezik gainontzeko alderdi guztiak aldaketaren alde agertu zirela.
Alkateak obra zerbitzuan urte erdiz lan egiteko zortzi langile kontratazioaren adibidea jarri du, zeinetan euskara meritua zen. “Aurkeztutako pertsona guztietatik soilik hamarrek egin zuten euskarazko proba. Horrek azaltzen du zein den Altsasuko egoera soziolinguistikoa. Bide batez, udaleko alderdi guztiak ados zeuden euskara meritua izateko”. Bestetik, aurrekontuetatik kanpo gelditu dira herriko ikastetxeek eskolaz kanpoko euskarazko ekitaldiak egiteko diru-saila. Hori zuzentzeko emendakina aurkeztu zuen EH Bilduk. Alkateak gogorarazi duenez, “emendakin horren inguruan Kontu-hartzailearen txostenak aipatzen zuen emendakin hori ezin zela onartu beste emendakin batzuk onartzen baziren. Hala ere, bai osoko bilkuran bai bilera pribatuan partida hori sartzeko gure borondate politikoa azaldu dugu”.