2016/2017 denboraldi bikaina egin du gizonezkoen senior mailako 1. maila autonomikoan dabilen CBASK (Club Baloncesto Altsasu Saskibaloi Kluba) taldeak. Txapelketako lehen fasean laugarrena sailkatu zen CBASK, eta lehen eta zortzi postuen arteko bigarren fasean ere laugarrenak sailkatu dira altsasuarrak, Megacalzado Ardoi, Escaleras Aguerri eta Oberenaren atzetik. Orain, aipatu lau talde hauek ligako titulua erabakitzeko Final Fourrean jokatuko dute.
Final Fourra asteburuan jokatuko da. Oberenaren kontra ariko da CBASK larunbatean, 19:00etan, Iruñean, Oberenako instalazioetan. Beste partidan, Escaleras Aguerrik Megacalzado Ardoi izango du aurkari. Igandean, 3. Eta 4. Postuak erabakitzeko partida jokatuko da 17:00etan eta ligako final handia, aldiz, 19:00etan. “Saskibaloi zaleak CBASK animatzera joateko deia egiten dugu, taldeak animoa behar du eta” adierazi dute CBASK-etik.
Gogo handiz
Gizonezkoen senior mailako CBASK taldeak behetik gora egin du ligan. “Hasieran ez ziren horren fin ibili baina gero asko hobetu zuten. Talde gaztea da eta Final Fourra jokatzeko ilusioz gainezka daude. Gainera, Oberenaren kontra aritzea erronka moduan hartzen dute, Oberena maila horretako talde onenetarikoa baita. Partida konplikatua dute aurretik, baina gogo handiz daude” adierazi digute CBASK-etik.
CBASK, gizonezkoen seniorra
Jokalariak: Ander Hormeño, Ander Gabirondo, Julen Mendia, Jorge Herrero, Imanol Puerta, Aitor Calleiras, Jorge Misiego, Patxi Calleiras, Jon Otermin, Iñaki Herrero, Josu Mendiola, Pello Iraola eta Unai Flores.
Entrenatzailea: Fermin Herrero. Ordezkaria: Eneko Casteig.