guaixe.eus

Justizia edo babesgabetasuna Altsasun

  Iritzia  Altsasu

kolaboratzaileak

Altsasun, zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta eskandalagarriagoak dira ferietako gau haren ondoren gertatutakoaren ondorioak, neurrigabeak baitira. Herritarrak eredugarriak izan dira, elkartasunez —baita larritasun handiz ere— egin baitiote aurre gaiari, batez ere gazteen guraso saiatu, langile eta bizkorrek; izan ere, errespetu osoz —eta errezeloz— aritu dira egiaren eta euren seme-alaben zalantzazko etorkizunaren aldeko borrokan aitzindari. Eta borroka hori gure seme-alaben alde ere egin dute, gertakaria aurrekari izan baitaiteke. Desadostasun politikoak alde batera utzita, altsasuarren ustez, kasua bidegabea izateaz gain, neurriz kanpo eraman dute. Entzute handiko juristek ere esan dute bidegabekeria dela Altsasuko gertakariak terrorismo delitutzat jotzea.  
Historian gertatutako liskarrak modu desberdinez izendatu dira:  Guerra Zibila, liskarra, terrorismoa, borroka armatua, ordena edo errepresioa.  Eta hori aipatu dut "kontaketa" entzutetsuak hartu duen garrantziarengatik, bai eta komunikabideek eta sare sozialek hartan jokatu duten paper adierazgarriarengatik ere.  Ezinbestekotzat jotzen da egia justizian islatzea, eta denontzat berdina izatea. Hala ere, ikusten ari garena ikusita, zaila gertatzen zaigu benetan horrela dela sinestea, nahiz eta botereen eta Estatuaren funtzioen banaketa demokraziaren zutabeetako bat den.  Gainera, orain arte alderdi batek kontatutakoa baino ez da aintzat hartu.  Beraz, besteak ezin izan du bere burua defendatu eta espetxean sartu dute. Oraingoz sei hilabetez. Errotik ebakitako gaztaroak:  gazte horien lanak, ikasketak eta etorkizuna airean daude. Horietako hiru espetxean daude Jarraipen bereziko barneko presoen erregimenean. Kartzela kartzelaren barruan:  gazteen kalte emozionala sustatu eta ihes egiteko arriskuan dauden terroristatzat hartu dituzte, beste “maila” bateko pertsonei justizia jasotzeko ematen zaien mesedeko tratua nabarmen utzita.  
Badakigu taberna batean goizeko bostetan edozer gerta daitekeela, bertan era guztietako pertsonak elkartzen baitira, hala nola igeltseroak, eragileak, zerbitzariak eta abar.  Eta ez da horrela bakoitzak bere laneko erreminta aldean duelako, baizik eta barran ordu asko eman ondoren, inor ez delako egoten goizeko bederatzietan egoten den egoeran. Hala ere, Altsasun gertatuz gero, gaia handitu, manipulatu eta desitxuratu egiten da, susmatu ditzakedan gai eta interesengatik: Nafarroan gobernu berria dagoelako, bestearen alternatiba dena; indarkeria amaitu delako; Altsasuko errealitatearen irudi manipulatua eman nahi delako, eta abar.
Beraz, bidegabekeria galanta da terrorismo delitutzat hartzea; izan ere, argi dago jokaera horren atzetik Altsasu, gure herri plural, kultur anitz eta tolerantea, eskarmentatzeko eta zigortzeko gogoa dagoela.
 Altsasun, jakina, ez dago besteei bizitza eramangaitza egitea helburu duten gazteek osatutako talderik.  Hori bai, orain arte guztiok hautatu ahal izan ditugu gure lagunak, irudizko mugarik gabe, arrazakeriarik gabe eta guztion desberdintasunak errespetatuz, betiere ohiko elkarbizitza baten barruan, jende guztia onartzen duen elkarbizitzan, alegia.  
Garbi izanik politika ez dela artea, bertan artista tranpati ugari biltzen diren arren, gure politikariei zuzen jokatzeko eskatzen diet: euren burua ordezkatzeari utzita, herriak ordezkatu ditzatela.  
Bidegabekeria hau bukatu egin behar da.  Kasua ez zen inoiz Iruñetik atera behar. Inpartzialtasuna, justizia eta objetibotasunagatik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak