Batukada feministetako kideen topaketa asteburuan

Hainbat batukadetako kideak aterpean ikasten ariko dira. Larunbatean, 19:30ean, ikasitakoa kalejira batean erakutsiko dute.

Euskal Herriko IV. batukada feminista topaketak hartuko ditu asteburuan Altsasuk. Antolakuntzan ari den Ainarak azaldu digunez, “gero eta batukada feminista gehiago daude”. Gipuzkoan dago mugimendu handiena eta Bizkaian zerbait. Bera 10 herritan ari da klase ematen. Haietako batzuk dagoeneko autonomoki funtzionatzen hasiak dira. Batukada feminista horietako kideei zuzenduta dago asteburuko topaketa, “elkar ezagutzeko eta ongi pasatzeko”. 80 batek eman dute izena. “Urtetik urtera gero eta gehiagok ematen dute izena”.

Batukada erritmoak jotzen dituen taldea izateaz aparte “feminismoa ere lantzen duen emakume taldeak dira” batukada feministak. Perkusio erritmoak “ahalduntzeko erabiltzen ditugu. Musika kalea okupatzeko, gure espazioa hartzeko”. Era berean, entseguetan ez dira bakarrik musika tresnekin aritzen: “gure emozioez hitz egiten dugu edota lotsa gainditzeko, autoexigentzia eta gauza pila bat lantzeko dinamikak egiten ditugu”.

Asteburua ikasten emanen dute aterpean. Madrilgo Ashabá taldeko Carol O. C. eta Elena Alvarez izanen dira erritmo berriak erakutsiko dizkietenak. Amalur De Los Santosek, berriz, batukadara bideratutako dantza tailerra eskainiko die, “koreografiak egiten irakatsiko digu”. Ikasitakoa Altsasuko kaleetan barna erakutsiko dute, larunbatean, 19:30etik batera.


Egitaraua
Maiatzak 13, larunbata
9:00etan Harrera.
10:00etan Batukada tailerra.
14:30ean Bazkaria.
16:30ean Batu-koreo tailerra.
19:30ean Kalejiran Altsasun barna.
21:00etan Afaria
22:30ean Ashabá taldearen emanaldia.
23:00etan Korta pega dj.

Maiatzak 14, domeka
10:00etan Gosaria.
11:00etan Batukada tailerra.
14:00etan Bazkaria.
16:00etan Agurra.