VII. Sakana-Burunda 2017 martxarako izena ematea zabalik

Guaixe 2017ko mai. 17a, 11:30

Ekainaren 3an izango da eta ibilbidean aldaketa nabarmenak egin dituzte. Bi ibilbide daude, luzea eta motza, eta ekainaren 1a baino lehen eman behar da izena

Barranka Txirrindulari Taldeak hainbat entitateren laguntzarekin antolatuta, ekainaren 3an jokatuko da VII. Sakana-Burunda 2017-Gran Fondo Navarra bizikleta martxa, Altsasun. Antolakuntzak bi ibilbide antolatu ditu, luzea (160 km) eta ibilbide laburra (118 km).

Aurtengo ibilbidean aldaketa nabarmenak egin ditu antolakuntzak. Esaterako, hasieran ez dira Urbasara joango. Altsasutik San Pedrotik iritsiko dira Urdiaineraino, gero Etxarritik Lizarragako portua igo eta Arbizura jaitsiko dira eta Uharte Arakilen San Migel igoko dute –proba ez lehiakorra da, baina igoera kronometratuko da–. Ondoren, Lekunberrira jaitsiko dira, handik Irurtzunera joko dute eta handik Aizpunera, Arizaletara eta Lezaunera, Lizarragako portua jaitsi eta Altsasuko bidea hartzeko.

Ibilbide motzean, aldiz, Uharte Arakiletik zuzenean Irurtzunera joko dute, Aralar santutegira igo gabe, eta ondoren, luzeko ibilbide berbera egingo dute.

Ibilbide luzekoek goizeko 8:00etan ekingo diote bideari eta laburrekoek, aldiz, 8:30ean. Izena ematea ekainaren 1a baino lehen egin behar da.

Izena ematen duten lehen 300 txirrindularik opari nagusia jasoko dute. Bestalde, proba bukatzerakoan bapo bazkaltzeko aukera izango dute txirrindulari guztiek eta txirrindularien artean opariak zozketatuko dira.

Izena emateko
Ekainaren 1era arte www.barrankatt.com edo www.rockthesport.com web orrietan. Federatuek 25 euro eta federatu gabekoek 30 euro.