Altsasuko festak iragartzeko kartel lehiaketa deitu du

Guaixe 2017ko mai. 18a, 08:55

Irailaren 13aren eta 17aren artean ospatuko dira Altsasuko festak. Haiek iragartzeko kartela aukeratzeko Altsasuko Udalak lehiaketa antolatu du. Bi maila izanen dira helduena eta haurrena. Batera eta bestera aurkeztutako kartelek honako leloa izan beharko dute: Altsasuko festak 2017 Fiestak de Alsasua 2017. Lanak originalak izan behar dute.

Helduen mailara aurkeztu nahi dutenek gehienez bi lan aurkeztu ditzakete. Lanak DIN A3 edo 70 cm x 50 cm tamainan aurkeztu beharko dira, euskarri gogor baten gainean. Plika sistema erabiliz, lanak garilaren 14ko 14:00ak arte aurkeztu daitezke Iortia kultur gunean. Epaimahaiak hiru kartel finalista aukeratuko ditu eta altsasuarren botoekin festetako kartel iragarlea aukeratuko da. Herri bozketa garilaren 19tik 24ra eginen da. Kartel irabazlearen egileak 600 euro irabaziko ditu.

Haurren mailari dagokionez, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek parte hartu dezakete. Lanak A3 tamainako paper bertikal batean aurkeztu beharko dituzte Iortia kultur gunean, garagarrilaren 16ko 14:00ak baino lehen. Plika sistema erabili beharko da lanak aurkezteko. Kartel sarituaren egileak marrazketarako materiala eta 60 euro eskuratuko ditu.  Lehen Hezkuntzako kartel onenarendako aipamen berezia izanen da.