Iriarte konpositore eta akordeoilari agur

Guaixe 2017ko mai. 18a, 17:54
Iriarte, Leozi eta Martinezi emandako elkarrizketako une batean.

Gerra ondorengo urte ilunak musikaz alaitu zituzten musikaria izan zen.

Anjel Iriarte Goikoetxea, Potaje, hilaren 10ean hil zen Altsasun, 85 urte zituela. Alarguna eta hiru alaba utzi zituen. Musikarien zaindarien egunean, Santa Zezilia egunean jaio zen  Iriarte, 1932ko azaroaren 22an. Satur Leozi eta Cruz Mari Martinezi emandako elkarrizketa batean azaldu zienez, fundizioko lankide batek jarri zion Potaje izen txikia, “egun hotz batean etxera xerra bazkaltzera joateko desioa agertu zuen hark, Iriartek potaje platera nahiago zuela eta hortik izen txikia”.

Elkarrizketa berean esan zuenez, txikitan hasi zen musika ikasten, besteek abesten zutena entzunez. “Kanta guztiak abesten nituen, baina ez nekien neurtzen”. Koxkortu zenean, Orokieta zenak Eslabaren metodoarekin musika erakutsi zion. Anaiak trikitixa zuen etxean eta harekin, eta ondoren anaiak ekarri zituen bi akordeoiekin ikasi zuen hauspoarekin musika egiten Iriartek, bakarrik. Botoidun akordeoiaren zalea, harekin ez segitzearen pena zuen, “benetakoa da, harekin gauza harrigarriak egin daitezke”. Akordeoi batek edonora joateko aukera ematen duela nabarmendu zuen.

Herri musikari hasi zen. Akordeoiarekin bakarrik edo jazbanarekin (tronpeta, saxofoi eta bateria). Larunbatetan ezkontza ospakizunak alaitzen zituzten eta igandero Zegaman aritu ziren garai batean. Hainbat pasodoble eta herri kantari lagun-artean letra jarritakoa. Enrike Zelaiak 1967an argitaratu zuen Festival Vasco diskoan bere hiru konposizio moldatu eta izenburuak emanda argitaratu zituen: Fiestas de Alsasua, Romeria de San Pedro eta Bargagain. Trasteando taldeak, besteak beste, bere Balankaleku habanera grabatu du. Izaskun Anduezaren laguntzarekin hainbat konposizio partiturara pasa zituen. Azken urteetan akordeoia baztertua zuen.

2009ko abenduaren 26an bera eta herri musikariak omentzeko kontzertu berezia egin zen Iortia kultur gunean. Trasteandok antolatu  zuen jaialdia eta Iriartek sortutako musika entzun zen. Hura Enrike Zelaiak, Txema Augustok, Mielotxin-eko taldekideek, Nagiro akordeoi laukoteak, Tomas Albizuk, Iñigo eta Imanol Goikoetxeak, Jesus Irisarrik, Joseba Lumbrerasek eta Trasteandok jo zuten.

www.altsasukopotaje.blogspot.com
Potaje omentzeko eta bere musika ezagutzera emateko asmoz sortu da bloga. Altsasuarraren argazkiak, partiturak eta haien grabazioak aurki daitezke bertan.

Potajeri Leozek eta Martinezek egindako elkarrizketa (gaztelaniaz).