Altsasuko Udalak aurrekontuan aldaketa egin eta Idertzagain kalean dagoen haur parkea berritzeko 17.000 euro bideratuko ditu. Erabileragatik eta denboraren pasagatik zorua eta haur jolasak berritu behar dira. Hura erabiltzen duten haurren gurasoek jolas parkea berritzeko eskaera aurkeztu zuten udaletxean joan den urtean. Lanak emateko deialdia eginen du udalak aurki.
Javier Ollo Martinez alkateak nabarmendu duenez, jolas parkeak baldintza egokietan egotea ezinbestekoa da istripuak eragozteko eta hala udalari inork erreklamaziorik ez egiteko. Udalak joan den urtean Baratzeko Bide eta Otadiako jolas parkeak berritu zituen. Ollok azaldu duenez, udalak herriko jolas parkeak pixkanaka berritzeko konpromisoa gauzatzen ari da. Aipatutako hiru jolas parkeez aparte Altsasun laugarren bat bada, Zumalakarregi plazan.