Pintaketak batzokian

Guaixe 2017ko mai. 22a, 15:40
Batzokian egindako pintaketak. Argazkiak: EAJ.

Larunbat goizean pintaketak agertu ziren Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) batzokian. Gasteizko Errekaleor auzo okupatuari argindarra moztu zioten joan den astean. Horren ondoren, bi pintaketa agertu dira Altsasuko Batzokian: Errekaleor bizirik eta EAJ, lotu zure txakurrak.

Nafarroako EAJk ohar bidez pintaketak gaitzetsi ditu. “Alderdi politiko baten egoitzaren kontrako erasoek itxura totalitarioa erakusten dute, ez dira onargarriak eta indar politiko eta demokratiko guztiek arbuiatu beharko lituzkete”.

Halako gertaerengatik “harridura” azaldu dute Nafarroako EAJtik: “uste dugu ez datorrela bat  Nafarroako eta Euskadiko gizartearen heldutasun politiko eta demokratikoaren mailarekin eta erakundeetan haiek ordezkatzen dituzten indar politikoekin”. Gaineratu dutenez, halako erasoek “gero eta zentzu gutxiago dute eta geroz eta tokiz kanpoago daude”.

EAJtik gaineratu dutenez, “edozein protesta zilegi da, baina gaur egun ezin da onartu bere erakunde jardueragatik erakunde politiko batek erasoak eta behartzeak sufritzea. Guztien arteko bizikidetza eraikitzeko, bakean eta demokrazian bizitzeko, beharrezkoa da behin betiko indarkeriaren hazia eta hura islatzen duten pentsamenduak eta jokabideak baztertzea. Gizartearen gehiengoren agindu argia da”.

Napar Buru Batzarreko presidente eta Altsasuko EAJko kide Unai Hualde Iglesiasek esan du “sinisten dugu halako gertaerak iraganeko gauzak direla, baina gure jendea pixka bat nekatuta dago batzuek, edozein aitzakia erabilita, gure Altsasuko egoitzan pintura poteak husteko duten zaletasunaz”.



Parlamentuaren adierazpena
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Altsasuko batzokiko pintaketak direla eta adierazpena onartu du aho batez. Batzordeak Altsasuko EAJren egoitzan agertutako pintaketak “irmoki eta guztiz gaitzetsi” ditu. Halakoak gertatzen segitzea “onartezina da, erakunde politiko bati erasotzeak gizarte demokratiko bateko kritika zilegiaren mugak gainditzen ditu”. Aldi berean Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzordeak ekintzak kaltetutakoei bere babesa eta elkartasuna adierazi die.