Sozialisten boto guztiak Sanchezen alde

Guaixe 2017ko mai. 22a, 17:28

PSOEren barne hauteskundeetara aurkeztutako hiru hautagaiak. Argazkia: www.psoe.es

Altsasuko talde sozialistako militanteen %100ak Pedro Sanchez idazkari nagusi izateko botoa eman zuten. Eta haien modura PSOEko 187.831 militanteen erdiak. Alderdiko primarioen bidez Sanchez idazkari nagusi izendatu dute militanteek, baroiek duela 8 hilabete dimisioa ematera behartu eta gero. Juan Migel Perez Hurtado zinegotzi sozialistak esan digunez, Sanchezekin “ezkerrerako norabidea berreskuratzea” espero dute. Horretan “hutsik ez egitea espero dugu”. Gaineratu duenez, “jendea ilusionatuta dago, horrek inporta du”.

Igandekoa eta gero egutegi betea dute militante sozialistek. “Aste honetan asanblada eginen dugu eta Iruñeko batzarrerako bi delegatu izendatuko ditugu”, azaldu digu Perezek. Izan ere, PSOEk zuzendaritza berria, Batzorde Exekutiboa, garagartzaroaren 17an eta 18an aukeratuko du. Herrialde bakoitzak hara bidaliko dituen ordezkariak aukeratzeko bilerak hasi dituzte, beraz. Udaren ondoren herrialdeetako eta herrietako batzarren txanda izanen da.

Nafarroako emaitzak  
Militanteen zentsua: 1509  
Parte hartzea: %82,44  
     
Hautagaia Botoak %
Pedro Sanchez 864 69,45
Susana Diaz 205 16,48
Patxi Lopez 164 13,18
Txuriak 11 0,88