Kulturartekotasunaren ikasgaia

Guaixe 2017ko mai. 25a, 12:42

Horixe ikasten ari da Zelandi eskola publikoko komunitatea azken asteetan. Haurrak aniztasuna zentzu positiboan landu dute ikasgeletan. Eta hura hainbat eskulanetan islatua gelditu da. Lan horiek, gainera, ikasgelatik atera eta hainbat txoko dituen erakusketa batean jarri dituzte ikusgai. Erakusketa hori 20 bat pertsonek bisitatu zuten astelehenean, Zelandiko 3. Kulturartekotasun astearen gurasoendako aurkezpenean. Izan ere, asteazkena ez beste arratsalde guztietan ikastetxeko gurasoei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte.

Ikastetxeko atezainarena zen etxea erakusgela bihurtu dute. Geletan txokoak sortuz eta pasabidea aniztasunaren aldeko aldarria egiten duten irudi eta eskulanez betez. Ikastetxeko ama talde bat arduratu da asteazkenetan ikastetxeko ikasleei txoko bakoitzari buruzko azalpenak emateaz. Eta, hala egin zuten astelehenean gurasoei eskainitako bisitei.

Gurasoak munduko ohiturei eskainitako txokoak bisitatu zituzten. Hala, Nafarroako inauteriei buruzkoa, Bulgariako ilbeltzaren 6ko haurrek kantu-eskea, ihoteak, inker gaineko dantza, pazkoako arrautza margotuak, martxoaren 1ean eskuan kolore txuri eta gorriko bi korapilo jartzeko ohiturak eta beste ezagutu zituzten. Errumaniakoan, berriz, jantziak, zeramika, ihoeak, haurren kantu-eskeak eta kondairen berri jaso zuten.

Herenegun gurasoak emakumeek euren herrietako ohituretan duten paperaz hizketatu ziren. Gaur ikasleek aniztasunaren inguruan eta txokoetan egindako grabazioa ikusiko dute. Eta, bihar, despeditzeko, munduko zaporeak dastatzeko aukera izanen da.

Helburuak
Guztia Zelandi eskolan dagoen aniztasuna azalarazi eta gerturatzeko asmoz antolatu da. Baita elkar ezagutza hobe bat sustatu nahi delako. Hori, elkarbizitza positibo baterako ekarpena baita. Antolakuntzan Sakanako Mankomunitateko Anitzartean, kulturartekotasun zerbitzua, Zelandi eskola, bertako guraso elkartea, ikastetxeko ama talde bat eta Burunda mendebaldeko Gizarte zerbitzuen Mankomunitatea egon dira.