Emakume futbolariei deia

Guaixe 2017ko mai. 23a, 15:01
Erregional taldea aurten sortu zen.

2017-2018 denboraldian Altsasu futbol emakumeen taldeetan izena emateko kanpaina egin du Sociedad Deportiva Alsasuak. 3 talde sortu nahi dira.

Liga despeditu berri, 2017-2018 denboraldian dute burua gure futbol taldeetako arduradunek. Sociedad Deportiva Alsasua (SDA) taldeak, esaterako, hurrengo denboraldirako 3 talde izan nahiko lituzke: erregional mailakoa –2001etik aurrera jaiotakoak–, kadete-haur mailakoa –2002-2005 artean jaiotakoak– eta kimuen eta benjaminen taldea –2006 eta 2009 artean jaiotakoak–. Futbola gustuko duten neskei, beraz, animatzeko deia egin die SDA-k.

Emakumezkoen Altsasu taldeetan izena emateko epea zabalik dago, maiatzaren 31ra arte (619 560 336, Gorka). “Emakumea bazara, sakandarra eta futbola gustuko baduzu, ez gehiegi pentsatu eta izena eman Altsasu futbol taldean” dio SDA-ko kanpainak.

Bukatu berri den denboraldian bi emakumezko talde izan ditu Altsasuk. Nagusienak erregional mailan ibili dira. Aurten sortu zen taldea, eta 12.a sailkatu da erregional mailan (18 puntu). Osasuna izan da txapelduna (76 puntu). Talde sortu berria izateko, pozik dago SDA-ko futbol koordinatzaile Gorka Paskua. “Helburua, behin taldea sortuta, ligan lehiatzea eta kategoriari tamaina hartzea zen. Behetik gora egin du taldeak eta kontentu gaude” azaldu du. Altsasuko beste taldea Emakumezkoen Futbol 8 mailan lehiatu da. Kirol Sportek irabazi du liga (54 puntu) eta Altsasu seigarrena sailkatu da (24 puntu). “Jokalarien arteko adin desberdintasuna nabaritu egin da, eta alde horretatik pixkat ukitua geratu da, baina liga despeditu da eta orain hurrengoan pentsatzera” gaineratu du Paskuak.

Erronka: hiru talde sortzea
Erregional mailarekin eta Emakumezkoen Kimuen eta Benjaminen taldeekin batera, aurten Nafarroako Federazioak hirugarren kategoria bat sortuko du, Emakumezkoen Kadete-Haur maila. “Guk Kadete-Haur mailako talde hori sortu nahiko genuke. Zaila izango da, baina Sakanako emakume kirolzale eta futbolzale guztiak animatu nahi ditugu. Horrela, adinka talde sendoagoak izango genituzke: erregionalak, nagusienak; Kadete eta haur mailakoak, erdibidekoak; eta kimuak eta benjaminak, aurreko bi taldeen harrobia” adierazi du Paskuak, emakume futbolari guztiak animatuz.