Gazteen kultura desberdinetan, elementu komunak.

Altsasuko Udal Gazteria Zerbitzua 2017ko mai. 26a, 08:36

kolaboratzaileak

Azken hamarkadetan gazteen kulturak haien ezaugarriak zehazteko erabili izan dira askotan, eta beste zenbaitetan, haien sailkapen soziala egiteko.

Estilo guztiak edo, hobeto esanda, gazteen estilo batzuk, askotan, gizarte-aldaketaren eragileak izan dira; hain zuzen ere, aldaketak ekarri dituzte bizimoduan zein pentsatu, izan eta munduan egoteko moduetan.Aldaketa eta aldarrikapen sozial horiek mundu osoan egin dira.

Guztioi etortzen zaizkigu burura —gazteenen kasuan entzunez bakarrik bada ere— hippya , rockzakeena, punkia, skin heada, pijoa, gaztetxeroa, heavya, okupa, fashiona, rasta, feminazia, sakanikola ...eta beste hainbat gehiago.

 Hainbat heldu sektorek eta erakunde mediatikoek etiketatu eta sailkatu dituzte, baita horietako zenbait mirespenez tratatu eta beste batzuk gaitzetsi ere. Are gehiago, mehatxutzat hartzera ere iritsi dira edo gutxietsi egin dituzte sistema nagusiarekin kritikoenak diren gazteen estiloak.

 Ikerketa soziologiko askok, berriz, gaztaroa ikuspuntu klasiko eta estrukturalean oinarrituta aztertu dute, hain zuzen ere familiari, ikastetxeari eta lanari loturik. Era berean, gazteei buruzko ikerketa ugarik gazteen aisia, asoziazionismoa eta parte-hartzea ere aztertu dituzte. Hala ere, ez da apenas egin oraingo “hiriko tribu”-ei buruzko ikerketa zorrotzik, ez eta horiek gazteengan zein helduengan duten eraginari buruzkorik ere. Oso interesgarria izango litzateke gure herrian norbait animatuko balitz horren gaineko ikerketa egitera.

 Argi dago badirela gazte gehienek erabiltzen dituzten ikur eta sinbolo batzuk: arropa-estiloa, oinetakoak, musika, ile-mozketa, apaingarriak, biltzeko tokiak… Ezaugarri horiek gizarte-testuinguru desberdinak, askotariko esperientziak eta bizitza-istorio heterogeneoak islatzen dituzte. Ziurrenik, funtsezkoari heltzen badiogu, berehala ohartuko gara sinetsarazi diguten baino distantzia txikiagoa dagoela estiloen artean, eta, estilotik harago, elementu komun gehiago dituztela. Eta horiexek dira, hain zuzen ere, benetan garrantzia duten osagarriak, esate baterako: bizi-proiektuak; “babak eltzetik atera” behar izatea; mundu justuago eta bidezkoago baten alde lan egitea, hau da, zuzen, bakezale eta ekologikoagoa izateaz gain, neskei protagonismo handiagoa ematen dien mundu baten alde lan egitea. Eta hori guztia bakarrik izango da posible gazteen azpikulturak, kontrakulturak eta mikrokulturak batzen badira, munduko edozein tokitan, Altsasun barne.