“Lan interesanteak, gaia edo teknikagatik desberdinak direnak aukeratzen ditugu. Batzuetan ikasleak. Besteetan nik gogorarazten nion egin zuen lan hura. Edo ikaskideek”. Horrela osatu da Itziar Nazabal arte eskolako ikasleen erakusketa. Iortia kultur gunetik pasatzen denak teknika, estilo, gai, tamaina eta kolore desberdinak erabiliz sortutako margolan sorta zabalarekin gozatzeko aukera izanen du.
Nazabalek esan digunez, “ikasleak ohikoaz aparte beste teknikak ikasi eta saltseatzeko prest daude. Hasieratik izan da horrela. Plazera da horrela segitzea”. Izan ere, koadro konposatuak direla, teknika nahasi ugariak direla, bestelakoak direla, “horrek ikasleak trebatzea dakar”. Haurren txoko bat bada erakusketan. Txikienak grabatu teknika ikas zezaten nahi izan zuen eta horretarako Pablo Picassoren Gernika obraren inguruan lanketa berezia egin zuten, obraren urteurrena aitzakia hartuta. Nazabal ikasle guztiekin saiatzen delako plastikaz aparte arte-historia pixka bat erakusten.
Erakusketan Arbizu eta Olatzagutia bitarteko adin guztietako emakumezko margolarien lanak daude ikusgai, “dauden gizonezkoak aurten ezin izan dutelako”. Nazabalek Andra Mari ikastolan eskolaz kanpoko klaseak ematen ditu eta heldu den urtean hango lanak ere erakutsi nahi lituzke. Ikusgai daudenen artean batzuk hariztian zuzenean margotzeko joan den udan egindako ikastarokoak dira. Ongi ateratako esperientzia aurten errepikatu asmo du.