Altsasuko Udaleko Gazteria eta Kirol Zerbitzuak, Ludotekak eta Musika Eskolak udarako eskaintza prestatu dute, aisialdiari eskainitako egun horietan zeregina nahi duenak herria bertan izan dezan. Udako jarduera horien berri ematen duen liburuxka ikasleei banatu diete, eskaintza zuzenean ezagutu eta hura etxera eraman zezaten.
Gazteendako
Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak 12 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako hiru eskaintza ditu. Alde batetik, UdaGazte programa dago. 12 eta 16 urte arteko gazteendako aisialdi programa da. Garilaren 10 eta 21 artean eginen da, 10:00etatik 13:00etara, eta Dantzalekun eginen den kanpaldia barnean du. 22 euro balio du. Gu Geu Gazte programa aniztasun funtzionalak dituzten gazteei zuzenduta dago eta garilaren 3tik 28ra arte eginen da, 17:00eatik 20:00etara. Errentaren araberako kuota izanen da.
Gazteria Zerbitzuaren eskaintza bestelako hainbat jarduerek osatzen dute: beira edukiontziak margotzeko hiri arte tailerra (garilaren 17-20, 11:00etatik 14:00etara, 12 euro); zaldi ibilaldia (garilaren 12an, 16:00etatik-20:00etara, 5 euro). Donostiako hondartzara ateraldia (garilaren 27an, 10:00etan, 3 euro), Gozamenezen ur festa goxoa (garilaren 4an, doan), zeruaren behaketa (garilaren 24an, doan) eta Gaueko pulunpak (agorrilaren 3an, 10ean, 17an eta 24an, 21:00etatik 23:00etara, doakoa).
Ludoteka
Txantxari ludotekak Aisiaz Blairen eskaintza egin du aurten. Garagarrilean 21, 22, 23, 26, 27, 28 eta 30ean 8:30etatik 13:30etara ludotekan 3 eta 12 (2005-2014) urte arteko ume eta haurrei zuzendutako zerbitzua eskainiko die. Aisiz blai uda, berriz, garilean eta agorrilean izanen da, 10:00etatik 13.00etara 4-12 urtekoendako (2005-2013). Bi hilabete horietan hamabost aldika izena emateko aukera izanen da. Gainera, garileko Aisiz blai Kirolaz blai programarekin lotzeko aukera segituko du, 9:00etatik 9:55etara, monitoreek joan-etorria koordinatuko baitute.
Kirola
Altsasuko Udalak hurrengo denboraldirako herrian dauden kirol eskolen eskaintza zehatza banatutako liburuxkan jaso du. Honako bederatzi kirol eskolak ariko dira: atletismoa, taekwondoa, gimnasia erritmikoa, yoseikanbudo, tenisa, saskibaloia, futbola, pilota, irristaketa eta bereziki aipatzekoa den emakumezkoen futbola. Azken horretan 8 eta 11 jokalariekin aritzeko taldeak osatu nahi dira.
Osasunez hazi programa da aurtengo berritasuna. Haurrei zuzendutako jarduera ludiko-fisikoa izango da, osasun-zentroko pediatria arloarekin koordinaturik. Helburua bizimodu osasungarri eta aktiboa bultzatzea izanen da baita haurren gehiegizko pisua saihestea ere. Garagarrilean, bestalde, igeriketa eta triatloi jarduera trinkoak izanen dira.