Altsasuko Udalak herenegun egindako bilkuran udako igerilekuaren prezioak onartu zituen. Joan den urteko berak izanen dira eguneko sarrerak edo sasoiko txartelak. Igerilekuetan egin beharreko mantenu lanak despedituta, Dantzalekuko azpiegitura hilaren 15ean zabaltzea espero du udalak.
Prezioak | |||
Adina | Astegunak | Asteburua | Txartela |
3 urtez azpikoak | 0 | 0 | 0 |
3-15 | 3 | 3,5 | 35 |
16-65 | 4,5 | 5 | 50 |
65tik gorakoak | 3,5 | 4 | 40 |
Herenegungo bilkuran, bestalde, Altsasuko Udalak aurrekontuaren bi moldaketa onartu zituen. Alde batetik, 20.000 euro bideratuko ditu haur eskola berriko galdara gela jartzeko. Beste moldaketa, 3.000 eurokoa, heldu den urtean basoan egin beharreko lanen proiektuaren erredakzioa ordaintzeko izanen dira.
Mozioak
Altsasuko Udalak EAJren batzokian agertutako azken pintaketak gaitzesten zituen mozioa onartu zuen. Talde guztiek alde bozkatu zuten, abstenitu egin zen EH Bildu izan ezik. Bestetik, Altsasuko Gure Esku Dagok aurkeztutako mozioa EH Bilduren eta Goazen Altsasuren aldeko bozekin eta gainontzekoen abstentzioarekin onartu zen. Onartutako mozioan udalak “begi onez ikusten du garagarrilaren 18ko galdeketa, eta are gehiago, dei egiten die herritar guztiei bertan parte hartzera, iritzia agertzera. Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako”. Mozioan jasoa dagoenez, “guztion parte hartzea ezinbesteko baldintza da erabakitze ariketa bat aurrera eramateko. Guztiok beharrezkoak gara. Garagarrilren 18an, erabaki nahiaren espresio izango gara, desberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarri”.
Izan ere, Altsasuko Gure Esku Dagok dio altsasuar ororen bilgunea izan nahi duela, “emaitzaren gainetik, gizarte kohesiorako dagoen tresna egokiena baita. Gure etorkizuna erabaki nahi dugu, gure herritik hasita, gauza ederra baita, galderari erantzutea”. Aipatu galdeketan altsasuarrek honako galderari erantzuna emateko aukera izanen dute: nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?