Koldo Arnanzek azaldu digunez, bere arte eskolan, “ikastea eta gustuko momentuak pasatzea da jendearen helburua. Erremate gisa erakusketa hau egiten dugu. Jendea nola gelditzen den zain egoten da”. Ikasketa prozesuaz, Arnazek azaldu digu haurren eta helduen artean desberdintzen duela. “Helduek beren artelanak, argazkiak… egin behar dituenak beraiek aukeratzen dituzte. Batzuetan baten bati aholkuak ematen dizkiot, nonbaitetik bideratzeko”. Haurrekin, berriz, “hasten direnekin proposamen batzuekin bideratzen ditut, teknika desberdinak lantzeko. Autonomia hartzen dutela ikusten dudanean haiei lanak aukeratzen uzten diet”.
Txikienekin oinarrizko teknikak lantzen hasten da, akrilikoetaraino. “Olioekin ez gara sartzen, beste arrisku batzuk dituelako. Adin batetik aurrera hasten naiz olioarekin. Argizariak, pastelak, arkatzak… denetarik. Normalean erabiltzen diren teknika guztiak. Poliki-poliki ikatza sartzen joaten naiz. Beraiek disfrutatzeko eta beste teknikak ikusteko”. Kolore biziagoak erabiltzen dituzte haurrek, “sormen potentzial hori hor dago”.
Helduekin ikasketa prozesu bera lantzen du, marraztea lantzen hasi eta “hortik aurrera bakoitzak bideratzen du bere teknika edo lana nahi duen tokirantz”. Olioa, akrilikoa, pastelak, nahasketak, txinatar tinta, arkatzak, akuarela… Eskua trebatu ahala “aurreratzen ari direla ikusten” dela aitortu du Arnanzek.
Iortiako erakusketa gela margolanez beteta dago. Aipatutako teknikekin eta Arnanzek emandako askatasunarekin egindako lanak dira ikusgai daudenak. Uharte Arakildik Arabako Laudatara arteko ikasleen lanak daude. “Badago zaletasuna. Nik beti esaten dut Sakanan sormenerako zerbait berezia dugula. Ez soilik, pinturan; idaztea, musika, sukaldaritza… Badago zerbait”.