Parlamentuko Mahaiak, bigarren aldiz, Altsasun biltzea erabaki du

Guaixe 2017ko eka. 6a, 08:42

Bigarren aldia da data jartzen duena. Azaroaren 21ean etortzekoak ziren, ferien ondorengo sarekada eta gero baina atzeratzea erabaki zuten.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak atzo egindako bileran erabaki zuen hilaren 19ko bilkura Altsasun egitea. Bilera Altsasun egitearen aldeko botoa eman zuten Ainhoa Aznarez Igarza lehendakariak, Unai Hualde Iglesias lehen lehendakariordeak eta Maiorga Ramirez Erro lehen idazkariak; aurkakoa, berriz, Alberto Catalan Higueras bigarren lehendakariordeak eta Oscar Arizcuren Pola bigarren idazkariak. Eledunen Batzarraren bilkuran, UPN, PSN eta PPNren ordezkariek eskatu zuten deialdia geroratzea. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Duguren ordezkariak aurka agertu ziren, eta I-Eren ordezkaria Mahaiaren erabakiak zer erabakitzen zuen, horrexen alde egin zuen.

Mahaiak joan den urteko azaroaren 7an egindako bileran hilabete hartako 21eko bilkura Altsasun egitea adostu zuen. Erabakia hartu eta aste betera Guardia Civilak ferietako liskarragatik hainbat gazte atxilotu zituen eta mahaiak Altsasun egitekoa zuten bilera atzeratzea erabaki zuen.

Zergatia
Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea astelehenero elkartzen da eta parlamentuko asteko jarduna erabakitzen du. Ondoren, bozeramaileek gaurkotasunezko gaien inguruko balorazioa egiten dute. Parlamentuaren Iruñeko egoitza utzi eta Nafarroako herrietan barna bilerak eginez, erakundea nafarrei gerturatu nahi diete. Parlamentuko mahaiko lehen lehendakariorde den Unai Hualde Iglesias parlamentari altsasuarrak sorlekuan eginen du bilera.

Mahaiak aurretik Erriberrin (2015-11-25), Oibarren (2016-03-14), Andosillan (2016-06-06) eta Arguedasen (2017-03-27) egin ditu halako bilerak. Haietan parlamentariek herriko alkateekin eta zinegotziekin bildu dira eta tokiko premien berri eman diete.