Barranka Txirrindularitza taldeak guztia prestatua du 2017ko XXII. Altsasuko BTT Zeharkaldia arrakastatsua izateko. Horretarako makina bat babesleren laguntza izan du. Altsasuko proba ez lehiakorra da eta bikerren egutegian proba preziatuenetakoa. Izan ere, Sakanako paraje bikainak mendi lasterketarako aukera paregabeak eskaintzen ditu eta horrek ia urtero ibilaldian aldaketaren bat sartzea ahalbideratzen dio Barranka txirrindularitza taldeari.
Aurreko urtean bezala, antolakuntzak bi ibilbide prestatu ditu: luzea (50 km) eta, lehenengoz, laburrago bat (40 km). Bi ibilbideek lehengo 40 kilometro ia osoak elkarrekin egingo dituzte, eta orduan, ibilbide laburragokoek helmugara joko dute eta luzeagokoek, aldiz, aurrera jarraituko dute. Ibilbideari dagokionez, zailtasun ertainekoa da Altsasukoa eta aurten ere nobedadeak dakartza. Esaterako, lehenengoz pasako da Etxarri Aranazko Txuixooko harrobi zaharretik.
Ibilbidea
Goizeko 9:00etan abiatuko dira bikerrak. Herrian barna 3,5 kilometroko buelta neutralizatua egin eta gero ekingo zaio bideari. San Pedro bidetik Urdiaingo igerilekuetara joko dute, mendira sartu eta Iturmendiko mugaraino iritsiko dira. Iturmendiko basotik jaitsita, Bakaikuko mendirantz egingo dute. Ondoren, Etxarriko igerilekuetaraino doan galtzadatik aurrera eginen dute, hainbat erreka gaindituz, eta Etxarriko igerilekuan buelta hartu eta Bakaikurantz joko dute bikerrek, Guerra Hermanos fabrikaraino. Trenbidea pasatu eta Etxarrirantz eginen dute, Aritzalkotik. Etxarriko industrialdera atera, errepidea gurutzatu eta Kontzesio baselizara iritsiko dira. Bertan hornidura gunea egongo da. Handik Etxarriko Txuixoo harrobi zaharreko igoerari ekingo diote. Malda handiko tartea da hau, 800 metrotara igoko baitira. Ibilbide motzekoek ez dute igoera hau egingo. Bakaikuko jaitsieran egingo dute bat bi ibilbideek.
Bakaikutik Iturmendiraino joan ondoren, Urdiainera sartuko dira, behe aldetik. Beheko baserrietaraino joko dute eta xendetatik barna Damerora iritsiko dira eta handik Dantzalekuko igerilekura. Ibilbide motzekoek Altsasuko helmugara joko dute eta luzekoek, aldiz, Ponderosatik Amillano etxera iritsiko dira, autobiako tunela gurutzatu eta Sorozarretaraino heltzeko. Handik buelta hartu eta Torretxikira igoko dira. Arranpa handiak igo eta jaitsi ondoren, Lanbide Heziketako errotondara iritsi eta helmugarantz joko dute bikerrek.
Ibilbidea balio ekologiko handiko parajeetatik pasatzen da eta antolatzaileek guztia behar bezala zaintzeko eta zaborrak ez botatzeko deia egin diete bikerrei.
Opariak
Proba osatzeagatik ondoko opariak jasoko dituzte txirrindulariek: kamiseta, Katealde patea, Arbizu txistorra eta Lacturale esnea. Jakina, indarrak berreskuratzeko auzatea izango da bukaeran eta ibilbidean barna hornidura guneak egongo dira. Guztia antolatzeko 16 pertsonako lan taldea aritzen da lanean, aurretik, eta probaren egunean 70 boluntario inguru, udal langileak eta DYAko boluntarioak kontuan izan gabe.
Iganderako eguraldi ona iragarri dute eta parte-hartze ona espero da. Atzo 431 txirrindulari zeuden izena emanda. Nolanahi ere, parte-hartze errekorra 2006 urtekoa da. Urte hartan 1.302 bikerrek osatu zuten Altsasuko BTT Zeharkaldia.
Izena ematea zabalik
Aurretiko izena ematea gaur ixten da, ostiralean, 12:00etan, www.barrankatt.com web orrian. Baina igandean, probaren egunean bertan, proban apuntatzeko aukera egongo da 7:30etik aurrera.
Omenaldia iaz zendutako txirrindulariari
Aurreko urtean Altsasuko Zeharkaldian parte hartzen ari zela bihotzekoa izan zuen Antonio Manuel Da Silva Correiak. Iruñera eraman zuten eta handik egun batzuetara hil egin zen. Barranka Txirrindulari Taldeko Felipe Troyanok adierazi digunez, txirrindulariari omenalditxoa egiteko asmoa zuten, eta familiari ongi iruditzen zaiola ikusita, hala egingo dute. Horrela, bere emaztea zenak moztuko du probaren hasierako zinta eta haren lagunak eta txirrindularitza lankideak lehen ilaran kokatuko dira, herriari hasierako 3,5 km-ko buelta neutralizatua aurrean egiteko.