Beroari aurre eginez, bizikletarekin Sakanako paraje eta txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izan zuten 22. Altsasuko Zeharkaldian izena eman zuten 546 bikerrak. Barranka Txirrindulari Taldeak ehun pertsona inguru bildu zituen antolakuntza lanetan, proba ez lehiakorra behar bezala ateratzeko. Ordainetan, txirrindularien esker ona jaso zuten, guztiek “antolakuntza bikaina” eta “ibilbidearen edertasuna” nabarmendu baitzituzten. Asko Altsasuko proban estreinatu ziren, baina bazeuden 22 edizio hauetan huts egin ez duten beterano handiak.
Omenaldiarekin hasi zen proba
Altsasuko Foru Plaza txirrindularien mailloten kolore biziz beteta zegoela, goizeko 9:00etan eman zitzaion probari hasiera. Iaz Altsasuko Zeharkaldian bihotzekoa izan zuen eta handik egun batzuetara hil zen Manuel Da Silva bikerra gogoan izan nahi zuen Barranka Txirrindulari Taldeak. Familiarekin adostuta, omenaldi txikia egin zioten: haren emazte izandako Gloriak probaren hasierako zinta moztu zuen, eta hasieran 3,5 km-ko ibilbide neutralizatua egin zuten bikerrek Altsasu inguruetan, Goierri taldeko bere taldekideak aurrean zeudela. Ondoren ekin zitzaion proba ez lehiakorrari.
Bi ibilbideren artean aukeratu zuten bikerrek: luzea, 51 km-koa eta 980 m-ko desnibelekoa, eta laburra, 41 km-koa eta 500 metroko desnibelekoa. Batera ibili ziren txirrindulariak. Hasieran, Beikolar eta Santa Luzisakanetik abiatu ziren, Urdiaingo igerilekuetara heltzeko. Bertatik, menditik, Iturmendi, Bakaiku eta Etxarri Aranatzera iritsi ziren. Etxarriko Kontzesio ermitan hornidura gune nagusia zegoen, eta bertatik Txuixoo harrobi zaharrera iritsi ziren bikerrak. Lehenengo aldia zen Altsasuko proba bertara iristen zena. Handik bueltan, Urdiaindik Basoitxi eta Dantzalekutik Altsasura iritsi ziren txirrindulariak. Ibilbide motzekoek helmugara jo zuten eta luzekoek beste buelta bat egin zuten, Dorre Txirira joateko. Altsasuko probako arduradunak, Felipe Troyanok azaldu zuenez, ibilbidea “oso gustukoa” izan zela aipatu zuten bikerrek. Bestalde, ez zen inolako aparteko arazorik izan, aurreko urteko ustekabea eta azken egunotan gertatzen ari direnak kontuan hartuta, azpimarratu beharrekoa. Hortaz, Altsasuko Zeharkaldia arrakastatsua izan zen eta zapore eta irudi bikainak utzi zituen.