Uda dator eta beste urtaroetan gertatzen ez den moduan, udarekin batera eraso sexisten kezka ere etortzen zaigu. Une honetan erakundeek eraso sexisten kontrako haien “prebentziorako eta aurre egiteko Protokoloak” prestatzen eta ateratzen dituzte, eta erakundeez gain, beste talde sozial batzuek ere bai.
“Indarkeria matxista” esaten dugunean zer ulertzen dugun, eraso bat ikusten dugunean zer egin behar dugun, erakundeek emakumeari harrera emateko zer egingo duten; indarkeriaren kontra zer egin behar duten mutilek eta gizonek; eta zer egin behar dugun emakume eta neskek. Hau dena agertuko da protokolo hauetan.
Ia denok ezagutzen ditugu “Protokolo” hitza, baita “Ezetza beti da ezetz” esaldia eta aurten ere ikusiko duguna: “Zuen ezetza gurea ere bada”.
Baina galdera ondokoa da: hau dena eginda eta ezagututa, barneratua dugu? Kontuan hartzen dugu gure eguneroko bizitzan? Nik ezezko erantzuna emango nuke, urteak eta urteak pasa eta gero, oso pertsona gutxik pentsatu dutelako zer egiten duten indarkeria matxista mantentzeko baita ezabatzeko ere zer egin behar duten. Eta gehiengoaren artean, emakumeak eta neskak ere bai. Denok ezagutzen ditugu gure eskubideak, gauean lasai (ez beldur) etxera joateko eskubidea barne, baina praktikan jartzeko, eskubideak bizitzeko ezagutza baino gehiago behar dugu.
Ziur izan behar dugu indarkeria matxista berdintasun ezaren emaitza dela; ez dela modu inkontzientean edo bat-batean gauzatzen, baizik eta erabakitzen dela eta ildo zehatz bati jarraitzen diola. Nahiz eta erakundeek, profesional batzuek edo adituek arlo honetan lan egin, pairatzen dugulako gu gara indarkeria matxista ezagutzen dugunak; beraz, erantzuna eman ahal diogunak gu garelako uste osoa izan behar dugu.
Baina hau ere ez da bat-batean sortzen; gure burua defendatzera eta, sare bat lortuz emakumeok elkar zaintzera prestatu behar dugu gure burua. Eta hau ez da autodefentsa pertsonala, hau elkartasuna da, konplizitatea eta segurtasuna barnebiltzen dituen auto-defentsa-feminista.