Sunsundeguiko lantegia merkatuaren beharretara egokitu, azpiegiturak berritu eta ekoizpena urteko 450 autobusen ekoizpenetik 600era pasatzeko plana zehazten aritu da enpresako zuzendaritza. 4,5 eta 6 milioi euro arteko inbertsioa egiteko Sodena enpresa publikoaren laguntza luke Sunsundeguik.
Zuzendaritzak bere inbertsio plana langileek hartu beharreko konpromisoekin lotu du. Inbertsioa amortizatzeko hurrengo zazpi urteetan urtero 6 egun gehiago lan egitea proposatu die. Horren truke langileek 650 euroko konpentsazioa jasoko lukete. Errentagarritasunaren igoerarekin lotutako ordainketa bat ere aurreikusten da, soldatak 1.200 eurotan handituko lukeena. Zazpi urteren buruan aparteko egun horiek desagertu ko lirateke.
UGT sindikatuak (4 ordezkari) zuzendaritzaren proposamenari oniritzia eman dio. Gaineratu du enpresa erreskatatu zenetik akzioen balioak 2,5 gora egin duela. Baina enpresa batzordean gehiengoa duten ELAk (3 ordezkari) eta LABek (2 ordezkari) ez diote oniritzirik eman. Ezezko horri enpresaren %49aren jabetza duten 135 akziodunen ezezkoa batu zaie. Astelehenean 110k bozketa egin zuten eta 73k zuzendaritzaren kontrako botoa eman zuten eta 37k aldekoa.
Iritziak
Enpresa batzordean gehiengoa duten bi sindikatuek gogorarazi dute egungo enpresa eredua ezarri zenean zuzendaritza taldea akzioen %51ren jabe egin zela eta lan baldintzen okertzea egon zela langileendako.
Egungo egoeraren aurrean ELAtik nabarmendu dutenez, "zuzendaritzak inbertsioak egin nahi dituen bakoitzean langileei gehiago lan egiteko" eskatzen diela.
ELA sindikatuko ordezkariek nabermendu dute langileen artean "desilusioa eta etsipena" dagoela, "zuzendaritzak enpresaren funtzionamendu egokia bermatu beharrean bere langile sistemarekin erakunde batzuk eskertzen ari delako". Enpresak "xantaia saiakerak" baztertu eta enpresa batzordearekin negoziatzea eskatu du ELAk. Euren hitz egiteko jarrera berretsi dute. Langileei eurekin antolatzeko eskatu diete.
LAB sindikatuak, lehenik, zehaztu du akziodunen bozketa ez-loteslea izan zela. "Baina eztabaida hori ez akziodunena soilik, langile guztiena baizik". Zuzendaritzaren planean jasotzen direnak "prekarietatea jasaten ari den langileriari eragiten” diola gaineratu du. LABek enpresaren honako argazkia egin du: "nominen ordainketan atzerapenak daude, behin-behinekotasuna %41ekoa da, hau da, 333 langileetatik 137 daude horrela, kontratatzeko eta barne sustapenerako garaian diskriminazio irizpideak daudela, gehiegizko aparteko orduak, lan eskala bikoitza, eros-ahalmenaren galera…"
Sunsundeguin egin beharreko inbertsioak "ezinbestekoak" direla uste dute sindikatu abertzalean. Baina "ezin dira xantaiaren eta inposizioaren tresna bihurtu. Sunsundeguin garai berri bat zabaltzeko garaia da. Azken urteetan galdutako eskubideak berreskuratzeko, egungo kutunkeriaren aurrean aukera berdintasuna egonen dena eta 2013an bideragarritasun planean jasotako inbertsioak egiten direna".
Enpresako zuzendaritzak lantegiko oholetan jarri dituen oharretan jartzen duenez, langileriaren gehiengoa "lantegiak bizi duen une erabakiorraz ez da kontziente" ELA eta LAB sindikatuei lantegiaren etorkizunari buruzko "ikuspegi irreala" ematea leporatu die.