Mary Poppins musikala eta bestelako dantzak

Guaixe 2017ko eka. 16a, 12:20

Irantzu Gonzalez dantza eskolaren emanaldia Iortia kultur gunean, larunbatean, 18:00etan eta 20:00etan
Ikasturte akaberako dantza jaialdia eskainiko du Irantzu Gonzalez dantza eskolak. Horretarako Mary Poppins musikalaren  abesti ezagunekin eta gaur egungo musikekin eta era guztietako dantza estiloekin osatutako programa prestatu dute. 4 eta 60 urte bitarteko 120 bat dantzari ariko dira Altsasuko kultur guneko eszenarioan. Guztiek gutxienez birritan dantzatuko dute. Batean musikaleko dantza bat eskainiko dute. Ikasleek eskainiko duten beste dantza mugituagoa izanen dela aurreratu digute eskolatik.
Dantza emanaldia ilbeltzetik ari dira prestatzen. Hura prestatu ahala dantzariek teknikan trebatzen eta maila hartzen joan dira. Aipatutako saioen ondoren, musikan oinarritutako bakarkako dantza inprobisazioen txanda iritsiko da.


Udako ikastaroak
Aurreko urteeta bezala udarako dantza campusa antolatu du Irantzu Gonzalezek. Altsasuko Otadiko Santo Kristo Deuna aterpetxeak hartuko du dantza campusa beste behin.  Adinaren araberako bi txanda prestatu ditu, 2005etik aurrerakoendako bata eta 2010tik aurrera jaiotakoendako bestea. San Juan kaleko dantza eskolan argibide guztiak emanen dituzte.