Trasteandoren hirugarren diskoa, jendaurrera

Guaixe 2017ko eka. 16a, 10:20

Joan den mendeko 40, 50 eta 60ko hamarkadan Altsasun entzutea ohikoak ziren kantuen hirugarren bilduma aurkeztuko du Trasteando taldeak. Bihar izanen da, Altsasuko Iortia kultur gunean, 20:00etan. Haiekin batera kantak erakutsi dizkietenetako batzuk ere ariko dira jendaurrea.

Altsasuko materia gabeko ondarea jasotzen segitzen du Trasteando taldeak. Garai batean Altsasun entzutea ohikoak ziren kantuak jaso dituzte aurreko bi diskoetan. “Azken diskotik kanpo 8-10 kanta kanpoan gelditu ziren. Bilketa lanarekin segitu dugu eta disko berrian 18 kantu sartu ditugu”. Cruz Mari Martinezen azalpenak dira. Trasteandoko kideak azaldu digunez, “memoria erreskatatzeko ariketa da gurea. Kantek zein izan garen eta zein garen diote. Guk gainontzekoendako berreskuratu ditugu”. Gaineratu duenez, “bestela, kanta horiek desagertu eginen lirateke, jendea hiltzen delako”.

Kantuen inguruan galdetuta, Martinezek azaldu digunez, “harri kantuak, irratian entzun eta moldatutakoak, soldaduskatik ekarritakoak edota Potaje eta konpainiak sortutakoak daude” diskoan. Duela hilabete inguru hil da Potaje eta hari aipamena eginen diote biharko kontzertuan. “Grabatu ditugun kanta askoren konposatzailea izan da”, argitu du Martinezek.

Lana, Ricardo Aretak Altsasun duen estudioan grabatu dute. “Herrian bertan grabatzeak kantak irakatsi zizkigutenetako batzuk gurekin grabatzea erraztu du”. Trasteandokoek lau kantutan Candi Arnanz, Felipe Villareal, Gerardo Olmedillo, Jose Bergera, Jose Urizar, Juan Gonzalez de Azilu, Martin Lezea eta Vicente Zufiaurreren laguntza izan dute.  “Hunkigarria izan zen”. Apiril erdialdetik eta maiatza hasierara izan ziren grabatzen.

Sarrerarik ez
Dena salduta dagoela emanen du kontzertua Trasteandok. “Horrek esan nahi du herri musika gustuko duen publiko bat dugula” azaldu du Martinezek. Pozik dago harrerarekin. Taldeak 14 bat kide ditu. Kantuan aritzeaz aparte, akordeoia, baxua eta gitarrak jotzen dituzte. Emanaldi berezietan tronpeta (Kostantxo Gonzalez), bonbardino (Jesus Irisarri) eta bateria (Josetxo Lumbreras) jole banaren laguntza dute. Kontzertua Jabi Bergarak aurkeztuko du.

Taldeak grabazioak sortutako gastuak kontzertuko sarrerekin eta diskoaren salmentarekin estali nahi du. Haren aleak emanaldian bertan eta Altsasuko dendetan eta ingurukoetan erosteko aukera izanen da. Bestalde, heldu den asteazkenean, Trasteando taldeak Josefina Arregi klinika eta Aita Barandiaran adinduen egoitzak bisitatuko ditu. Urtero garagarrilean eta abenduan joaten dira bietara emanaldi bana eskaintzera.
Aurreko lanak

Trasteando taldeak Altsasuko herri kantekin osatutako aurreneko diskoa 2012an kaleratu zuen. Bi urte geroago, 2014an, bigarren kantu altsasuarren bilduma aurkeztu zuen taldeak. Diskoetako liburuxkak kantutegi gisa ere erabili zitezkela gaztigatu zuten orduan taldekideek.

Bai aurreko lanean baita honetan ere diskoaren azalerako Trasteandok Dora Salazarren lan bana aukeratu du. Bihar aurkeztuko duten diskorako sortzaile altsasuarraren ohikoak dituen argazki moldatuetako bat da, kasu honetan herriko tren geltokiaren argazki baten gainean aritu da margolaria.


Diskoko kantuak:
Goizian goiz
Hiru bide eta alemanak
San Pedro
La Frantziska y la Lorenza
El biscuter de la ideal
Una niña muy bonita
Iortia (media luna alsasuarra)
Me casé ¡por fin!
La pimpilina
Txukurruku txuku txuku / kurdín kurdín
Soy de Etxarri Aranatz
Haurtxo kantak
Quereres de Felipe
Isirora
Sorozarreta
Noche de farra haundia
Los ratones de la estación
Jota alsasuarra

Lotura:
https://guaixe.eus/altsasu/1402589071232-kantu-altsasuarren-bigarren-bilduma-aurkeztuko-du-trasteandok