Izaskun Marin Peñas: “Hango lan baldintzak ez dira hemen ditudan baldintzetara ezta gerturatu ere egiten”

Maider Betelu Ganboa 2017ko eka. 16a, 13:41

Izaskun Marin Peñas altsasuarra erizaina da. Ikasketak egin zituenetik lana ez zitzaion falta izan, baina aldi bateko kontratuak ziren, bajak, oporrak eta beste ordezkatzekoak. Ez zuen kontratu egonkorrik. Horrela, atzerrira jotzea otu zitzaion eta Ingalaterran dabil lanean azken urteotan. Bere esperientziaren berri eman digu.

1.Zergatik joan zinen atzerrira?
Erizaintza ikasketak bukatu nituenetik ospitaleetan, osasun etxeetan, zahar-etxeetan… lan egin izan dut, baina beti ordezkapenak, bajak, oporrak eta halakoak egiten. Jabetu nintzenean lanpostu hutsak betetzeko geroz eta gutxiago deitzen nindutela, ikasketekin jarraitzea erabaki nuen eta larrialdietako masterra egin nuen. Baina egoerak paretsu jarraitzen zuela ikusita, atzerrira jotzeko ordua zela otu zitzaidan. Aldi berean, kasualitate pixka bat ere izan zen. Infojobs portalaren bitartez lan eskari pare bat bidali nituen eta hurrengo egunerako nire curriculuma eskatu zidaten, ingelesez!

2.Lana topatzeko prozesua, hortaz, azkarra izan zen.

Esandakoa, kasualitate pixkat izan zen. Norvegia, Australia eta halako herrialdeek erakartzen ninduten, baina orduan nire ingeles maila oso oinarrizkoa zen, eta, horregatik, erabaki errazena eta aukera gehien zuena Ingalaterrakoa zen. Tramiteekin hasi nintzenean oso betekizun gutxi eskatzen zituzten: erizaina izatea eta “pin number” izatea, hau da, erizaina tituluaren elkargokidearen baliokidea, edo hura lortzeko bidean edo tramiteetan egotea.
Ingalaterran erizainen eskariak handia izaten jarraitzen du, baina orain prozesua konplikatuagoa da. Ospitaleek ez dituzte betebehar asko eskatzen, baina “pin number” delakoa lortzeko gaur egun ingeles azterketa nahiko exigentea gainditu behar da. Baina ospitale gehienek tramite hori lortu ahal izateko laguntza ematen dute, ikastaroak eta laguntza ematen. Dena den, gauzak ez dira ni etorri nintzenean bezain errazak.


3.Zein hiritara joan zinen lehendabizi?
Infojobs atarian zegoen eskaintza bati erantzun, Malagan elkarrizketa bat egin eta paper kontu batzuk osatu. Hori izan zen lana lortzeko prozesua. Eta konturatzerako Ingalaterran nengoen. Manchesterrera zihoan hegazkina hartu eta handik Wiganera jo nuen, Manchesterretik iparraldean dagoen hiri batera. Nahiko handia da baina herri baten bizimodua dauka.  
Manchesterrera 18 pertsonako taldea joan ginen. Wiganera joateko mini bus batean igo gintuzten eta ostatu batera eraman gintuzten. Ospitaleak hilabete bateko egonaldia ordaindu zigun bertan. Eta gau horretan esan ziguten non lan egin beharko genuen. 



4.Ingalaterran zergatik dago erizain eta medikuen horrenbesteko eskaria? Bertakoek ez al dituzte ikasketa horiek egiten?
Eskari asko dago, bereziki, ratioak handitu dituztelako eta eskari hori betetzeko profesional nahikorik ez dagoelako. Lehen bereziki Filipinar irletatik zetozen erizainekin estaltzen zuten behar hori. Baina Europar Batasunaren eskariei kasu eginez, erizaintza titulua baliozkotzeko Europar Batasuneko profesionalak ekarri behar izan zituzten. Ingelesek erizaintza eta medikuntza ikasten dute, baina ez dago nahikoa jenderik dagoen beharrerako. Horretaz gain, egun, unibertsitateko tasak izugarri igo dira. Edozein karrera ikasteko 9.000 librako tasak ordaindu behar dira urtero. Eta, bestetik, ikasketa hauek egiten dituzten ingelesak Australiara eta Zelanda Berrira jotzen dute, aukera dutenean. Izan ere, duen ardura kontuan izanda, ez da behar bezala ordaindutako lan bat.

5.Nolakoak dira Ingalaterrako larrialdiak hemengoekin alderatuta?
Ingalaterrako larrialdiak eromena dira, baina beste tokietan bezala. Ezin ditut hemengoekin ongi alderatu nik ez nuelako denbora askorik eman biak alderatzeko moduan. Dena den, uste dut gaixoak artatzeko beharrezkoa den denbora dela interesgarriena. Ingalaterran gehienezko denbora bat dago gaixoa atenditu, diagnostikatu eta tratatzeko. Doazen gaixoak hartu eta haien larrialdi egoeraren arabera klasifikatzeko gehienez ordu erdiko tartea dute eta gehienez gaixo batek ezin ditu 4 ordu baino gehiago eman larrialdietan. Beti daude salbuespenak, baina denbora hori gainditzen bada, Gobernuak ospitale hori zigortzen du, baliabide ekonomiko gutxiagorekin.

6.Berriki Manchester hiriburura joan zara. Zer moduzko aldaketa izan da?
Hasieran joan ginenetatik ez zen inor gelditzen Wiganen eta hiru urteren buruan, aldaketa baten beharra nuen, beste espezialitate bat probatu beharra. Nire aurreko lankideak Manchesterren bizi ziren eta bertara joatea erabaki nuen. Ospitalez eta espezialitatez aldatzea oso erraza da Ingalaterran. Eskaria eta premia horren handia denez prozesuak errazak dira: paperak betetzea, horretara mugatzen da kontua, Ingalaterran denarekin gertatzen den bezala. Egun Manchesterreko hegoaldeko Stockport ospitalean lan egiten dut, Zainketa Intentsiboen Unitatean (UCI), martxoaren bukaeratik hasita. Interesgarria da, zerotik hasi bainintzen eta gauza berriak ikasten ari naizelako. Etorkizunean larrialdietara itzuliko naiz baina egun, pozik nago hemen. 


7.Duela gutxi Ariadna Granderen kontzertuan atentatua izan zen Manchesterren. Non harrapatu zintuen?
Ez nengoen lanean, Manchester Arenatik 15 minutu eskasera nengoen. Unean bertan enteratu nintzen, nire lagunak inguru hartan baitzeuden gertatu zenean. Zaurituak Manchester erdialdeko ospitaleetara eraman zituzten, baina gurean 3 zauritu izan genituen 4 egunez, oker ez banago. Manchesterren jendea urduri dago, baina ohiturak ez dira aldatu. Are gehiago, diru bilketa egiteko ekitaldi gehiago antolatu dira. Uste dut hasierako sustoa gainditu dela, baina London eta Pariseko erasoen ondoren, jendea alerta dago.
 
8.Honutza bueltatu nahiko zenuke? Edo zure bizitza han dago?
Bueltatu nahiko nuke, baina egun hori ez da posible. Hango baldintzak ez dira hemen ditudan baldintzetara ezta gerturatu ere egiten. Momentuz orain pozik nago Ingalaterran. Eroso sentitzen naiz hizkuntzarekin, lanarekin eta aurrera egiteko eta garatzeko eskaintzen dizkidaten aukerak destino interesgarria egiten dute: urtean 7 opor aste eta ospitaleak ordaindutako formazio ikastaroak, besteak beste.

9.Brexitak eraginik izango al du zure lanpostuan eta bizitzan?
Brexita sekulako misterioa da. Inork ez daki zer gertatuko den, politikariek ere ez. Momentua iristen denean iritsiko da kezkatzeko garaia.

10.Atzerrira lan egitera joatea animatuko al zenuke jendea?
Jendea bidaiatzera eta probatzeko beldurrik ez izatera animatzen dut. Niri ongi atera zait, baina ezagutzen dut esperientzia gustuko izan ez duenik edo gaizki pasatu duenik. Hobeki edo okerrago atera daiteke, baina beti dago bueltatzeko aukera. Esan beharra dago erizainendako oso erraza dela; gainontzekoendako konplikatuagoa da, baina ez ezinezkoa. Norbaitek halako abentura batean parte hartu nahi badu, laguntzeko prest egongo naiz.

11.Altsasutik zer botatzen duzu gehien faltan?
Familia eta lagunak, baina Skype eta Whatsapp zerbitzuekin etengabeko harremana dut beraiekin. Ahal bezain gehien joaten naiz, baina ez gustuko nukeen bezainbat.