Aurretik auzitik ateratako gazte baten kontra Iruñean beste auzibide bat zabaltzea nahi dute Madrilen
Ferietako liskarragatik Espainiako Auzitegi Nazionalean zazpi gazte altsasuar auzipetuta daude, baita bi adin txikiko ere. Instrukzio aldian beste gazte baten jokabidean "terrorismo" deliturik ikusi ez zutenez, auzitik atera zuten, baina haren jokabidea "zigorrik gabe" ezin zela gelditu gaineratu zuten Madrilgo epaileek.
Espainiako Auzitegi Nazionalak Nafarroako Lurralde Auzitegia gazte horren kontrako auzia zabaltzera premiatu du. Madrilgo epaileek eskatzen dute gazte altsasuarrari justiziari oztopo egiteko delitua egoztea. Delitu horrekin bi urtera arteko kartzela zigorra ezar daiteke. Nafarroako Lurralde Auzitegiak gaia aztertu eta zer egin erabaki beharko du.
Bestalde, auzia San Pedro festetan presente egonen da. Asko eta asko dira altsasuarren askatasuna eskatzen duen kamixeta txuria jantzi zutenak. Elkartasun zortzikoa dantzatu zen eta photocallean makina bat argazki egin ziren. Bitartean gurasoen ordezkaritza Bruselasen izan zen.