Clásicos Alsasua taldeak IV. Ibilgailu klasikoen kontzentrazioa antolatu du Altsasun, larunbaterako, makina bat komertzio eta enpresaren babesarekin.
Goizeko 9:30etik bilduko dira mota guztietako auto, motor, kamioi eta bizikleta klasikoak Zumalakarregin, eta ibilgailu berezi horiek gertutik ikusteko aukera izanen da. Antolakuntzak, halaber, ibilgailuen jabeendako hamaiketakoa eta zozketa antolatu ditu. Eguerdi aldera, 12:30ean, 25 km inguruko ibilbidea eginen dute, batera, topaketan parte hartu duten ibilgailuek. Asmoa Zumalakarregitik San Juan kalera ateratzea da, Zelai kaletik gora Instituturako bidea hartzea eta bertatik San Pedrora jotzea, Urdiaingo Bentara iritsi eta bertatik Iturmendirako bidea hartzeko. Iturmendiko errotondan norabidez aldatu eta Altsasura itzultzea da asmoa.
Behin Altsasun, poteo herrikoia izanen da eta Iortia Kultur Gunean Clásicos Alsasua taldeak prestatutako “Sobre ruedas” erakusketa ikusteko aukera izango dute bildutakoek. Ondoren, 15:00ak aldera, bazkaltzera bilduko dira Burunda frontoian (helduek 20 euro eta haurrek 7 euro).
“Sobre ruedas” erakusketa
Horrela du izena IV. Ibilgailu Klasikoen harira Clásicos Alsasua taldeak Iortia Kultur Gunean antolatutako erakusketak. Zabalik dago garilaren 7ra arte, astegunetan, 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 21:00etara. Erakusketa bitxia da eta altsasuarren eta inguruko herrien piezak hartzen ditu. Erakusketa erdi-erdian Santos Crespo anaiek 1963 urteko Renault Dauphine bat dago, piezak azpian agerian dituela. “Coche de las viudas” izenarekin ezagutzen zen autoa, eta Santos Crespo anaiek berritu dute. Horretaz gain, Razesaren 80. hamarkadako bizikleta bat, Letonaren 70. hamarkadako beste bat, Orbeako 50. Hamarkadako beste bat (Emigdio Vazquez), Correoseko DAL bizikleta (Txalaparta taberna) eta beste daude ikusgai, Santi Saez de Muniainek utzitako txikiendako bizikleta txikien eta 1965eko Kart Guzzi baten ondoan. Alboan, Esteban Zornozak egindako trena dago, Mikado baporeko makinaren erreprodukzioa. Eta beste aldean, motorrak daude: P70. hamarkadako Puch minicross, 50. hamarkadako Mobylette GAC, 60. hamarkadako Montesa, 80. hamarkadako, Mobylette Onix… Iker Palaciosek, Bittor Duranek, Esteban Zornozak eta Emigdio Vazquezek utzitakoak.
Eta guztia inguratzen, Jesus Ignacio Miguel Amoztegiren margo eta marrazki bikainak, hainbat ibilgailu mitiko erakusten dituztenak. Asko aspaldiko koadroak dira, baina erakusketa antolatzearekin batera, atzera ere animatu eta bi koadro berri egin zituen Miguelek, propio, erakusketarako.